“74 urte isilean egon den memoria berreskuratu nahi izan dut”. Ideia nagusi horrekin Joseba Egiguren kazetari eta idazleak bere liburu berria “Prisioneros en el Campo de Concentración de Orduña (1937-1939)” aurkeztu zuen aurreko ostegunean Urduñako Kultura Etxean.
Joseba laudioarra dugu baina Urduñako hiriarekin oso lotura estua izan du beti. Orain dela 3 urte hitzaldi batean jakin zuen Urduñan kontzentrazio-esparru bat egon zela, eta gaia berehala interesatu zitzaion; hori dela eta, 2008. urtean lan honekin hasi eta 3 urteetan amaitu zuen.
Liburu honetan, Urduñan zegoen Jesuiten Ikastetxean gertatu zena aztertzen da. (Gaur egun Antzinako Andra Mari Ikastetxea da). Argitalpen hau elementu berri eta garrantzitsua da 1937 eta 1939 urteen artean Francok kontzentrazio-esparru honetan 50.000 preso ingururi ezarritako erregimena ezagutarazteko.
Bertan, zenbait espetxeratuek haien lekukotasun eta bizipenak ekartzen dizkigute, eta horrez gain, dokumentu ugari eta orain arte kontzentrazio-esparruari buruz aurkitu izan den argazki bakarra ere.
Idazleak liburuan agertzen diren lanak bere ikerketa eta han egondako pertsonen adierazpenei esker aztertuak izan direla esan zuen. Aurkezpenera Juan Larrinaga Atxabal ere azaldu zen. Juanek 93 urte ditu, Mungia batailoiko gudaria da, eta 1937an egon zen kontzentrazio-esparru honetan preso; eta Josebak horri buruzko liburua egin zuela enteratu zenean, ez zuen ekitaldia galdu nahi izan eta Urduñara hurbildu zen bere bizitzako pasadizo batzuen berri ematera eta egileari egindako lanagatik eskerrak ematera.
Ttarttalok argitaratu berri duen ikerketa honi esker, Urduñako historiaz gehiago jakiteko aukera dugu, garai hartan bizi izan ziren egoera atsekabegarriei argi pixka bat ematea nahi izan du liburuaren egileak.
Informazio gehiago:
http://euskalherria.indymedia.org/media/2011/10//77513.pdf
http://www.bizkaie.biz/orokorra.php?atala=2&id=8608&sec=44&fecha=2011-10-18%2013:47:04