Zer da hizkuntza bat? Komunikatzeko modua bakarrik? Maitatzekoa? Sentitzekoa? Bizitzekoa?
Era askotan komunikatu gaitezke: hitzekin, zeinuekin, begiradarekin, gorputzarekin... Dantzatzen dugunean sentimenduak adierazten ditugu eta kantatzerakoan doinua jartzen diogu adierazi nahi dugunari. Komunikatzea da gure bizitzeko era eta guk Euskaraz egin nahi dugu.
Gure hizkuntza zaharra eta zaharkitua dagoela esaten digute edo orain dela 40 urte, mahai baten inguruan, asmatutakoa dela. Barbaroen hizkuntza dela eta bizitza modernorako ez duela balio. Existitzen ez den herri baten hizkuntza dela. `Hablame en cristiano´ esaten digute. Haiek ez dute bere hizkuntza maite? Ala, beldurra diote gureari? Zer ote?
Ba al dakite hizkuntzek herriak sortzen dituztela? Bai ziur badakitela. Euskararen etsaiak ez dira ergelak. Ba al dakite hizkuntzek komunitate sentimendua indartzen dutela? Bai, ziur badakitela. Euskararen etsaiak ez dira ergelak. Ba al dakite hizkuntzek konplizitatea sortzen dutela? Bai, ziur badakitela. Euskararen etsaiak ez dira ergelak. Ez dut esango euskarak berezi egiten gaituenik, baina ba al dakite berezi sentiarazten gaituela? Bai ziur badakitela. Euskararen etsaiak ez dira ergelak. Hizkuntzek herriak jartzen dituzte mapan, hori horrela da, hizkuntza bat akabatzen duzunean herri oso bat suntsitzen duzu. Horrek egiten ditu Euskararen etsaiak ergel. Ondo dakigu guk, Laudioko euskararen aurkako epaia gogora ekartzea besterik ez dugu.
Maiatzaren 21eko mobilizazioa data garrantzitsua da herri honen agendan. Donostiako kaleak jendez gainezka egongo dira. Baina benetako erronka egunero, orduro eta minuturo Euskal Herriko kantoiak euskaraz blai egotea da. Hau ez da larunbatean hasten, ezta bukatzen ere. Guri dagokigu ikastea, transmititzailea eta, batez ere, erabiltzea. Gogoratu hizkuntza bat ez dela galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakigunok erabiltzen ez dugulako baizik. Maiatzak 21 bai, besteak ere bai.
Euskara Aurrera ekimena ez da euskararen aldeko paseo bat, gure hizkuntzaren aldeko borroka bat baizik. Administrazioan euskaraz egitearen aldeko borroka, Nafarroan euskararen normalizazioaren aldeko borroka, gure seme-alaben eskubideen aldeko borroka, herri baten aldeko borroka.
Dantzatu euskaraz
Maitatu euskaraz
Kantatu euskaraz
BIZI EUSKARAZ!
EGIN EUSKARAZ ETA EUSKARAK EGINGO ZAITU!