Ezin izango ditut hitz horiek nire burutik inoiz kendu. Asteazkenean, otsailak 15, Torturaren eguna dela eta (otsailak 13) Laudion Bi arnas dokumentala ikusteko aukera izan genuen. Bi arnas torturaren inguruko testigantza da, bidegabekeriaren isla eta inoiz eskaini ez den elkarrizketa bat. Iratxe Sorzabali, torturak sufritu eta gutxira, egindako elkarrizketa. Horren ostean Julen Arzuaga Aretarrak torturaren historia `laburra´ zein gordina kontatu zigun.
Torturak Euskal Herrian zauri asko eragin ditu eta hauek oraindik ez dira itxi. Orain dela urte batzuk, gutxi batzuk onartzen genuen Espainiar estatuan tortura sistematikoa izan dela. Gaur egun inork ezin du ukatu, nahiz eta saiatzen diren; edo justifikatzen duten? Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Guzti honetaz hitz egin genuen Arzuagaren hitzaldiaren ostean.
Tortura jasan duten euskal herritarrak milaka izan dira, azken datu ofizialen arabera 5655 kasu izan dira, nahiz eta askoz gehiago dagoen. Asko dira oraindik torturetan oinarritutako testigantzen ondorioz preso segitzen duten euskal herritarrak. Atzoko dokumentalaren ostean Julen Arzuagak esan zuen moduan: `torturapean aitortutakoak zuhaitz pozoitu baten fruitu pozoitua dira´.
Bi arnas dokumentalean, bi historia kontatzen dira; Iratxe Sorzabalena eta Mari Nieves Diazena, bere amarena. Bakoitzak bere modura, torturak eragiten duen arnas falta sufritu dute. Iratxek bere azalean sufritu du. Mari Nievesek, bere alabaren gorputzean. Bi itolarri eta sufrimendu bikoitza.
Dokumentalaren helburu nagusia ahalik eta gehien zabaltzea da. Urteetan, euskal herritar askok pairatu dituzten torturak salatzeaz gain, Iratxek sufritutako guztia ezagutarazi nahiko genuke bereziki. Torturaren gaia mahaigaineratzeko, dokumental honetan hauek izan dira protagonistak, dokumentaleko ahotsak.
- Iratxe Sorzabal Diaz, irundarra eta 2001. urtean torturatua. Gaur egun, Zaballako kartzelan preso dago.
- Mari Nieves Diaz, irundarra eta Iratxe Sorzabalen ama. Torturaren kontrako ekintzailea.
- Nekane Txapartegi, asteasuarra eta 1999an torturatua. Euskal errepresaliatua; 15 urtez Suitzan erbesteratua egonda.
- Paco Etxeberria, auzi medikua eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilea.
- Serge Portelli, Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailea.
Argazkiak: Miguel Brizuela