Zaila egiten da batzuetan idaztea. Beharbada, ideia gehiegi ditugulako buruan, edo ideia horietatik bat ere ez dugulako nahikoa garatu. Paperaren gainean zentzua izateko behar bezain beste ez, behintzat. Dena den, arraroa da nola behin idazten jarrita hitzak bakarrik etortzen diren. Eta, askotan, pentsatzeko gai ez ginela uste genuen zerbait agertzen da pantailan.
Egunkarietako berririk gordinenen testigu zein gezur handien hedabide dira hitzak. Hala ere, ederra da: oinez joateko ezinezkoak diren lekuetara joan gaitezkeelako, existitzen ez diren bideetatik gure hitzen bitartez ametsetara bidaiatuz.
Zaila egiten da batzuetan idaztea, gure barneko sentimendurik sakonenak nori esan ez izanagatik gure buruari idatziz kontatzen dizkiogunean. Beldurragatik akaso, edo gizarte honetan gauza politak esatea itsusiak baino errazagoa delako, baina seguru paperak jaso dituela beste inork baino hitz polit gehiago.