Aste batzuk pasa dira egunsentia buseko leihotik ikusten berriro hasi nintzenetik, udazkena bere hosto lehor, kafesne bero eta igande arratsalde hotz usainarekin, gure zain kale kantoian zegoen seinale.
Udan izara moduan balio digun azal nordikoa sartu eta sandaliak botengatik aldatu ditugunerako, urriak bere egin gaitu. Eta ondo sartu ere, pentsatzen hasita, txikleak bailiran luzatu genituen oporretako azken egun horiek aurreko bizitzaren batekoak ematen dutela.
Denboraren aurkako borrokarik latzenak ere ezin du erloju orratzen ibilbidea gelditu, eta zitara puntual iritsi da, urtero bezala, kurtsoa, zapaldu bezain beste babesten gaituen errutinarekin. Agurtu beharko, bada, zeruko urdina, antza aurten horren goiz joateko asmorik ez badauka ere, eta asmatu gabeko istorioak bezala hasten ziren egunak.
Eman diezaiogun ongietorria, beraz, datorrenari, zeren hark daki zein abentura biziko ditugun euritako azpian, eta euripean bizi ezin diren ametsen ilusioa hurrengo udarako utz daitekeen bezala, desilusioen itzala udazkeneko euriak eraman dezala.