Batzuetan, ostiral iluntzeetan, parkeak umeen oihu eta barre axolagabeak xuxurlatzen dizkit lehioen hutsuneetan barrena, belarrez zikindutako prakak irri batez oroituz. Noiz utzi nion zebrabideetako lerro beltza saltatzeari?
Ohartzerako, noizbait betetzea amesten genituen agenda horiek bete egin dira, bazkalosteko marrazki bizidunak ikusteko denbora ere lapurtzen diguten planekin. Orain munstroak ez dira irteten lotara goazenean, iratzargailuak erakartzen baititu, dituenak baino ordu gehiagoko egun bat behar dugun bakoitzean. Zein argi daukagun nahi duguna umetan, eta zein azkar erakusten diguten nahi dugun horrek produktiboa izan behar duela, pasiorik gabe egiten bada ere. Beharbada, nagusiak egin ahala ume izaten erakutsi beharko ligukete, berandu ez bada behintzat seriotasunak ematen omen duen elegantziaren truke saldu dugun espontanitatea berreskuratzeko. Ez dagoela txarto noizean behin nahi duguna egitea.
Hodeiek animalia forma edukitzeari utzi diote, eta errepideak presazko pausoz zeharkatzen ditugu, aurrera begira, burua egin beharreko mila gauzetan daukagula. Baina nora goaz?