Polita da ikustea nola behin idatzita, eta bi aldiz pentsatuta buruan bueltaka genituen ideia guztiak mutu geratzen diren. Munduari argiztapena ekartzeko enkargua bagenu bezala. Agian esanahirik gabeko hitzak dira daukagun gauza bakarra.
Erraza da planeta-sistema sortzea, gure burua erdiguneko izar izendatuz. Garena baldintzatzen duen gauza bakarra inori ikusten utziko ez diogun nukleoko indarren gatazka balitz bezala. Nork ez du bere argia sortu nahi, bere barnea erretzearen truke bada ere? Eta inguruan dabiltzan garrantzirik gabeko astro txikiek gure handitasunetik iristen zaien hori islatu dezatela!
Unibertso osoaren historia egutegi batean kokatuko bagenu urtea Big Bangarekin hasi eta hau irakurtzen ari zaren momentuarekin agurtuz, gizakiaren historiak azken 21 segundu hartuko lituzke. Pertsona bakoitzari, bataz beste, 0,15 segundu dagozkio. Denbora gutxiegi da izar bat izan ahal izateko. Haien burua izartzat duten planetak gara, planetak kasurik onenean. Ez dugu argi propiorik izango, baina bai dirdira izateko modu propio bat. Ekar ditzagun oinak lurrera.