Hamar minutu itxaroteko esan zigun okinak, ondoren denok bila joan ginen ogia erosteko aukera izango genuela, saskian geratzen zen gatzik gabeko azken barra nahi ez bagenuen behintzat. Hala egin genuen, denda barruan ilararen forma galtzeko bezain beste jende sartuz, kanpoan itxarotearen beldurrez akaso. Horrela, ogia irteterako, ilara izandakoa jende multzo nahasi bat bilakatu zen, eta hasi zen nork bere txanda zela kontsideratzen zuenean besoa luzatzen, euro bat eta hamar eskuan.
Eta hara non zegoen, mostradoretik apur bat aparte, ume bat, haien ogia besapean irteten ari ziren gehienak baino lehenagotik dendan egondakoa. Kanpoan zain zuen aita sartu aurretik, bost pertsona baino gehiagok ez zuten izan kolatzeko aukera, baina nahikoak izan ziren umea zein ni haserretzeko, umea zapalkuntza txiki hori jasan izanagatik, eta ni nire buruarekin, nire pertsona atsegin itxuraren defentsan, isilik geratuz, konplize bihurtu izanagatik.