Ez dakit norbait gehiagori gertatuko zaion, izango da azkarregi bizi naizela, baina batzuetan sentsazioa daukat azalak ere ez nauela barne hartzen; eta sorbalda artean dudan agintariak (buruak, ez bihotzak) daramala erreinu osoa arrastaka. Horrelakoetan pentsatzen dut neurrigabea dela 10 zentimetroko erradioko esfera bati ematen diogun protagonismoa; munduan egoteko, metro kubiko bat inguru eta dagokion azaleraren azalaren jabetza edukita. Arrazoia izan daiteke horren arrazional izan nahian, hitz jokoak bihurtu izana jolas bakar.
Noizbait, heldutzea deitzen dioten tranpa horretan, gerra irabazi omen zion irribarreak barreari. Indibidualismoa izango da, bakoitza bere azal barruan, gero eta urrunago bata bestearengandik. Ni gehienetan horren naiz hotz berriak telebistan ikustean, oiloipurdi azala ere ez didala sortzne besoetan. Eta, bestela, edozein azaleko iragarkik kentzen dit arin. Xaboiarekin gehiegi dutxatzeagatik beldur naiz azalean sentsibilitatea galtzen ari ote ez naizen.