Azkar pasatu da azken hamarkada zerbaiten bila gabiltzanontzat: gau, egun, aste eta hilabeteen artean pasa gara Tuentitik Instagramera, Ternuatik Adidasera, kafesnetik deskafeinatua sojazko esnearekin hartzera. Eta egun batetik bestera, hara non aurkitu dugun gure burua hogeita hamarretatik hogeietatik baino gertuago, gizartearen adin honetarako eskakizunetatik ez bakarrik urrun, baizik eta beste norantzan oinez. Gustatuko litzaidake esatea urteetan bildutako irakaspen bakoitzak bizirik jarraitu izan duela izandako harreman, egindako erosketa, edukitako lan eta babestutako iritzi bakoitzean. Etsipenak, erosotasunak ez dutela kabidarik izan, edo ez behintzat noizbait bularra piztu zidaten utopiak itzaltzeko bezain beste. Nire ideiek barneratu nituenean bezain tinko eta argi lagundu nautela, behin azalarekin bat eginda bertan betirako mantentzen diren tatuajeak bezala. Utopiak, ordea, kalkamonia bilakatzen dira garenari eusten ez asmatuz gero.
Horregatik, behar dut, batzuetan, heldu maskara une batez kendu eta galdutako ametsen bila joatea, nora heldu nahi dudan gogoratzeko.