Etxea, goiko auzokideen zaratek eta zarata egin ezinak mugatutako espazioa. Noizbait uzten diote txikitan margotutako paretek babesleku izateari eta harresi bihurtzen dira: orduan iristen da habia uzteko momentua. Hala beharko luke behintzat, denontzako lekua dagoen herri batean.
Teoria eta praktikaren artean, ordea, tartea dago, eta berehala hasi behar izaten gara gure fantasia baldintza errealetara moldatzen, gure aurrekontuarekin bat egiten duen etxea bilatzen, alegia. Normalean ez da amestutako etxe zahar berritua, argitsu baina babestua, merkea eta zentrotik hurbila: lehentasunak aukeratu eta paretetan zeloz pegatutako lau argazkik zein egunerokotasunak dakarren tresnen kokapen baldarrak emango diote faltan duen xarma.
Egongo da bakarrik bizitzeko aukera gaztetatik izan duenik; ez da nire kasua, eta ez dut uste izango denik hurrengo urte hurbiletan. Pisukideekin ez dira, baina, alokairua, olioa, gatza eta patatak bakarrik partekatzen: partekatzen dira anekdotak eta isiltasunak, egun onak eta txarrak, afariak eta hurrengo eguneko garbiketa, garagardo botilak eta hauen birziklapena.
Baina, batez ere, geroz eta gehiago bakartzen eta bakantzen gaituen mundu honetan, konpartitzen da gure arrarotasunak erakutsi eta besteenak onartzeko erabakia. Horrek berotzen du etxe bat berogailua piztu gabe.