Laudioko Udalak hilerria hobetzeko abiatuko duen obra plana aurkeztu berri du Bilduko Gobernu Taldeak. Guztira 33.600 euroko aurrekontua erabiliko da instalazioetarako higikortasuna hobetzeko eta hustubideen egokitzapenerako.
Obra txikietarako Foru Planak obra hauen kostuaren bi heren finantzatuko du, Udalak beraz 11.000 euroko ekarpena egingo du aurrekontuan. Gobernu Taldeak eskainitako prentsaurrekoan Koldo Zabalak azaldutakoaren arabera datozen asteetan aurrekontuak jasoko dituzte eta obrak azaro amaierarako bukatuta izatea espero dute.
Eskailerak eta arrapalak
Horma-hilobietara heltzeko segurtasuna hobetuko duten lau eskailera higikor instalatuko dituzte. Honez gain oinezkoen sarbidea eta hilkutxak garraiatzen dituzten ibilgailuen zirkulazioa erraztuko duten arrapala eta pasilloak egokituko dituzte hilerrirako sarbidean. Azkenik, panteoien zonalde batean izaten diren ur pilaketak ekidingo dituzten ur-ponpa bi jarriko dituzte.
Ikastetxeetako obrak
Azken bi urteetan herriko ikastetxeetan egindako obren balantzea aurkeztu zuen Amets Meazak prentsaurrekoan. Eusko Jaurlaritzak titularitate publikoko ikastetxeetan obrak egiteko diru-laguntza deialdiaz baliatuta, zazpi proiektu gauzatu dira Fabian Legorburu, Lamuza eta Lateorro ikastetxeetan. Guztira 79.000 euroko inbertsioa bideratu du Udalak Eusko Jaurlaritzak %60ko finantzazioa eskainita.
Honez gain Matxintxu eskolan atezain automatikoa instalatzeko eta bertoko jolastokia hobetzeko obrak ere aipatu zituen Amets Meazak. 5.500 euro inguruko inbertsioa osatu da berton guztira.
Laudio Ikastolari Laudio Txiki eraikineko teilatua konpontzeko emandako 25.000 euroko diru-laguntza izan da herriko ikastetxeetako mantentze-lanen plan honek kontutan hartutako azken inbertsioa.