C. D. Laudiok eskuratu berri duen 2.B mailaren aitortza eta Laudio markaren sustapena uztartuko dituen hitzarmena herriko futbol taldeari eskaintzea eskatuko du EAJk Udalbatzaren hurrengo osoko bilkuran.
EAJren proposamenak 2013 eta 2014 urtetarako iraunaldia beharko luke izan eta kirol, ekonomia eta gizarte arloko edukiak garatuko lituzke Laudio marka bultzatze aldera.
Mozioak aurrera eginez gero Bilduren Gobernu Taldearen esku egongo da hitzarmenaren lehen zirriborroa lantzea ondoren Kultura, Kirol eta Jai Batzordean eztabaida eman dadin. Hitzarmenaren garapenerako hornidura ekonomikoari dagokionez, mozioaren testuak honela laburbiltzen du proposamena: “hainbat urtetarako eta dirurik balego Laudioko Udalaren eta LAUDIO KIROL TALDEA arteko lankidetza Hitzarmenaren harpidetza adoste aldera”.
PSE-EE Batzordeekin kezkatuta
PSE-EEk mozio bi aurkeztu ditu Udal Batzordeen funtzionamenduaren harira. Lehenengoan Udalak hartu behar dituen erabaki guztietan udal talde guztiei balorapenerako aukera eskaintzea eta prozedura guztiak Udal Batzordeetan aztergai jartzea eskatzen du. Proposamen honi herritarren parte-hartzea areagotzeko eskaera gehitzen dio.
Bigarren mozioak berriz, legealdi honetan Udalaren osoko bilkuran onartutako mozioen laburpena eta kasu bakoitzean erabakiak izan duen garapena jasoko dituen txostena egitea eskatzen dio Bilduren Gobernu Taldeari. Txostena irailerako udal talde guztien esku egotea eskatzen du PSE-EEk bai eta prozedura Udalaren urteroko funtzionamenduan txertatzea.
Honez gain, politika orokorrari buruzko osoko bilkura ere egitea eskatzen du mozioak.