Ostiralean abiatuko da Laudioko Jaiak Koordinakundeak, Udalarekin eta herriko beste hainbat kultur eragilerekin elkarlanean sanpedropeko jaietarako prestatuko egitaraua. Hainbat denda eta tabernaren laguntza ere izan dute bi egunetako jai proposamena eskaini ahal izateko.
Txupinazoa 19:00etarako iragarrita badago ere, neska-mutilentzako jolas, tailer eta ikuskizuna eskainiko dituzte 1700etatik aurrera jaiaren gunea bihurtuko den Herriko Plazan. Segidan, txorizo dastaketa eskainiko dute.
Iluntzean jaietako lehen musika emanaldia eskainiko dute Almesnumero13 eta Lyrikan & DJ Funi taldeek 22:00etatik aurrera.
Sukalki lehiaketa
Sukalki lehiaketa izango da jaiaren ardatz larunbatean. Izena emateko mahaia 10:00etan zabalduko dute eta 10:30etik aurrera lanari ekingo diote sukaldariek; gutxienez sei lagunentzako otordua prestatu beharko dute gas bidezko sua erabiliaz.
Kazolak aurkezteko epea 13:30ean itxiko dute eta 14:00etarako iragarri da sari banaketa. Jarraian, antolatzaileek partaide guztiei irekitako herri bazkaria antolatu dute, antolatzaileen esku izango da bazkarirako tresneri guztia eta lapikoak hustutzen laguntzeko behar adina edari eta ogia.
Bazkalondoan, 17:00ak aldera, bingoa jokatuko da eta 18:30ean Ttek! Elektrotxaranga abiatuko da kalejiran.
Azkenik, Esne Potak, Juantxo Skalariak & La Rude Band eta Akerbeltz taldeek eskainiko dute jaietako bigarren kontzertua 22:00etatik aurrera.