Laudioko patinajearen zaleak biltzen dituen elkarteak, Aldaiko Taldeak, 4. Irristaldia antolatu ekainaren 23rako. Aldaiko plazan jarri dute hitzordua 10:00etan eguneko programari hasiera emateko. Azken orduan animatzen direnek 10:45ak arte izango dute izena emateko parada 5 euroren truke; aldez aurretik inskripzioa bideratzeko, 2 euro sartu beharko dira antolatzaileek Laboral Kutxan duten kontuan.
Ibilbide txikia, gaztetxoenei eta hasiberriei zuzendutakoa, 10:45ean abituko da Aldaiko plazatik eta hiru kilometrotako distantzia beteko du. Irristaketan eskarmentua dutenek berriz, hamaika kilometrotako ibilbidea burutzeko aukera izango dute 11:30etik aurrera. Ibilbide luze honek Gardea, Ugarte eta Areta bitarteko bira osatuko du Aldaiko plazatik abitatuta. Antolatzaileek inlinemap.net aplikazioan txertatu dute zirkuitua.
Kaskoa eta babes egokiak eraman beharko dute parte hartzaileek ezinbestean ekitaldian parte hartzeko. Antolatzaileek, Markos Betesek aiaraldea irratian azaldu bezala, trafikoari dagozkion segurtasun neurriak, Gurutze Gorriaren laguntza sorospen egoeratarako, arno-postua eta parte hartzen duten guztientzako oparia prestatu dute.
Aurreko edizioan 160 partaide bildu zen ekimenean eta aurtengoan ere beste hainbat tokitan Laudioko proba honen moduko ekitaldiak antolatzen dituzten patinatzaileak espero dituzte. Egunari amaiera emateko patin-poteorako eta bazkarirako hitzordua jarri dute ere antolatzaileek. Egunari buruzko informazio guztia eta Aldaiko Elkarteak bultzatutako jarduera guztiak rollerlaudio.webs.com web gunean bistara daitezke.