Laudio Memoria kolektiboak udalerrian eta bere inguru hurbilean aire-gerrak izandako ondorioei buruzko kultura-astea eskainiko du ekainaren 14tik 22ra.
Kultura Etxeko Arraño gelan zabalduko duten erakusketa izango da ekimenaren ardatza. Baskale elkarte euskal-alemaniarrak Kondor Legioari buruz eta Laudio Memoriak herrian aire-gerrak izandako oihartzunaz prestatuko informazio-panelez osatuko dute jarduera. Laudion izandako bonbardaketak eta Gardean kokatutako aerodromoari buruzko informazioa, besteak beste, bildu dute erakusketarako.
Erakusketak herriko Irakaskuntza Ertainetako ikasleei zuzendutako bisitaldiak ahalbidetuko ditu aste egunetako goizetan. Honez gain Kultura Etxeko ohiko ordutegian zabalik izango dute erakusketa herritar ororentzat ekainaren 14tik 22ra.
Hitzaldiak
Hitzaldi bi antolatu ditu Laudio Memoriak gaiaren harira. Ekainaren 18an Javier Gomez Calvo Araban eta Airaldean zapalkuntza frankistak izan zuen garrantziaz mintzatuko da. Ikerlari honek doktore-tesia aurkeztu berri du gai honen inguruan.
Ekainaren 20an berriz Baskale elkarteko kide den Klaus Armbruster eta Laudio Memoriako kide den Andoni Larrea aire-gerraren ondorioei buruzko hausnarketa eskainiko dute.
Hitzaldi biak erakusketa kokatuko den Kultura Etxeko Arraño aretoan eskainiko dira arratsaldeko 19:00etan.