Herrira plataformak Laudio, Amurrio eta Urduñako plazatan deitu ditu M18 PLAZARA ekimenarekin bat egingo duten ekitaldiak larunbaterako, hilak 18rako alegia.
Presoei dagozkien oinarrizko giza eskubideak errespetatuak izan daitezela aldarrikatzeko aukera emango dute herriz herri ekimen ezberdinen bidez.
Laudio eta Amurrion 11:00etan abiatuko dira ekitaldiak. Laudiokoan 13:00etan plazan osatuko den mosaiko erraldoia izango da ekitaldi zentrala eta Amurrion ordu berdinean kontzentrazioa deitu dute.
Honez gain Laudioko programak graffiti tailerra, umeentzako jolasak, bideo emanaldia, txistorra jana eta material salmenta eskainiko ditu goizean zehar. Amurriokoan berriz elkartasun fotomaratoian parte hartzea proposatuko dute 14:00ak bitartean eta eguerdi partean hamaiketakoa ere eskainiko da.
Urduñako hitzordua 13:30ean jarri dute. Ordu horretan abiatuko da giza katea Foru Plazatik, kontzentrazio batean amaitzekoa.
Elkartasun gaua Orozkon
Iluntzean Orozkon hartuko dute preso eta iheslarien eskubideen defentsarako ekimenen txanda. Ernaik eta ezker abertzaleak “Euskal preso eta iheslariak etxera” lemapean deitutako kontzentrazioa izango da 20:00etan Zubiaurreko plazan. Jarraian, 20:30ak aldera, trikipoteoa hasiko da eta 21:30ean Izar Mendiguren eta Peio Ormazabal arituko dira gaztetxean ospatuko den bertso afarian. Afarirako txartelak gaztetxean dituzte salgai 10 eurotan.
[video:http://www.youtube.com/watch?feature=player_embedded&v=o1Ja9dmiquY]