Aiarako jaiak ospatuko dituzte apirilaren 26tik 29ra San Prudentzio egunaren inguruan. Honez gain, Aiara Koadrilako gainerako herrietan ere, Laudion, Amurrion eta Okondon, ospakizunak izango dituzte Arabarren zaindariaren egunaren inguruan.
Aiara Udalerria osatzen duten herri ezberdinak protagonista bihurtuko dituzte txupinazo egunean, ostiralean, aurtengo pregoilariak, Iñaki Isasik, agurra eskaini ostean. Agiñaga herriari egokitu zaio jaietako lehen txupina botatzea eta jarraian bailarako gainerako 23 herriek jaietako lehen traka osatuko dute. Larunbatean, 17:00etatik aurrera lehiatuko duten herrien arteko herri kirola lehiaketari begira norgehiagoka pizteko aukera aparta bestetik.
Aiarako udalak autobus zerbitzua antolatu du ostiral eta larunbaterako. Ostiral goizean herriko nagusiei eskainiko zaizkien ekitaldietara joateko zerbitzua abiatuko da Luiaondotik 12:00etan, Murga, Zuhatza, Menagarai, Lanteno eta Arespalditzan geltokiak izango ditu. Honez gain ostiral eta larunbateko gau-jaietara hurbiltzeko autobusak abiatuko dira Laudio eta Artziniegatik.
Ostirala eta larunbatean Programaren gainerako zehetasun guztiak aiaraldea.com-eko agendan http://www.aiaraldea.com/agenda/Arespalditza eta Aiarako udalaren web gunean bistara daitezke.
Laudio
Laudion ohiko programa iragarri dute San Prudentzio astebururako. Ostiralean 600 partaide inguru bilduko dira Herriko Plazan haur danborradan 17:30etik aurrera.
Larunbatean, bola-joko txapelketa ezberdinak izango dira goizez zein arratsaldez. Lehen erretreta 19:00etan izango da Ekin Joleak txistulari taldearen eskutik eta 22:00etan Rakataplak hartuko die txanda ondoren herrian zehar kalejira eginaz. Igandean azkenik Barraskiloak saltsan prestatzeko gastronomia lehiaketa izango da 9:00etatik aurrera eta 12:30etan Rakatapla taldeak barraskilo jana eskainiko.
Programaren zehetasun guztiak agendan txertu ditugu: http://www.aiaraldea.com/agenda/Laudio
Amurrio
Amurrioko haur danborrada ostiralean ospatuko dute 15:15etik aurrera. Larunbatean berriz, nagusien txanda izango da 20:00etan. Ia jarraian, 20:15ean barraskilo jana iragarri dute.
Okondo
Okondoko ospakizunak San Prudentzio baselizaren inguruan egingo dituzte igandean. 12:00ak aldera danborradarako hitzordua dute eta segidan, meza, otamena eta igela txapelketa izango dituzte.