Aiarako Euzko Gaztedik bere babesa eskaini dio Aiaraldeko plataformak Laudion otsailaren 22an, arratsaldeko 20:00etan, deitu duen manifestazio deialdiari. Eskualdeko eragile ugari elkartu da Aiaraldeko plataforman, besteak beste: Askapena, ELA, Amurrio, Laudio, Urduña eta Orozkoko Gazte Asanbladak, Gazte Independentistak, Hauspoa, Ikasle Abertzaleak, LAB, STEE-EILAS eta Stop Kaleratzeak Aiara; AEKO-k, Aiaraldeko merkatariza eta zerbitzuen elkarteak ere bere laguntza eskaini dio deialdiari.
Eskualdeko udalerriek krisi ekonomikoaren eraginez pairatzen duten larritasun egoera salatu nahi du EAJ-PNVren gazte erakundeak. Banatu berri duten prentsa oharrean Aiara eskualdean emandako aurreko krisi egoeren azterketa eskaintzen dute: “Historikoki, krisi garaietan Aiara Euskal Herriko eskualde kaltetuenen artean egon da. Lehenengo lerrotik bizi genuen birmoldaketa industriala, enpresen itxiera, eta nola guzti horrek gure eskualdeak izandako langabezi tasa altuenetara eraman izana”.
Aurreko horietan jorratutako irtenbideak ere aztertzen dituzte: “Aiaratar guztien esfortzu eta lanarekin eta administrazio ezberdinen babesarekin lan planak, inbertsioen bidez, eskualdearen ekonomiaren suspertzea ekarri zuten berriz ere”.
Ondorioz, egungo egoerak herri, lurralde eta Erkidego Autonomo mailako erakundeen arreta behar duela aldarrikatzen dute, eskualdearen garapen sozioekonomikoa gelditu ez dadin.