Laudioko Lantze zentroko erabiltzaileek 80 euro hilero ordaindu beharko dituzte aurrerantzean eguneroko bazkariagatik, zentroaren eguneroko errutinak barne hartzen duen ekintza izanda ere.
Neurri honek Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak Araban zabalik dituen 10 zentroetako erabiltzaileen familien haserrea piztu du eta hala salatu dute APDEMA Elkarteak banatu duen prentsa oharraren bidez.
Laudioko Lantze zentroak 50 plaza eskaintzen ditu adimen ezintasuna duten 18 eta 65 urte bitarteko pertsonentzako 12 langileren ardurapean: 8 begirale, arduradun bat, pedagogo bat, gizarte langile bat eta psikologo bat. Araba mailan 400 plaza eskaintzen ditu Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak zentro hauetan. Neurriak beraz, 32.000 euroko diru sarrera berria sortuko du hilero Aldundiaren aurrekontuetan, 320.000 euro inguru urtean. 800 euro inguruko zama ekonomikoa urtean berriz, ezindu bakoitzaren familiarentzat.
Familien haserrea
Erabaki hau erabiltzaileei jakinarazteko prozedura salatu dute familiek lehenbizi, ALHAOn argitaratutako araudiaren bidez ezagutu baitute aldaketa. Ez da antza informaziorik luzatu zentro bakoitzaren funtzionamenduaz arduratzen den Batzordeetan, familia, erabiltzaile eta profesionalez osatutakoak. APDEMA elkarteak ere ez du erabakiaren inguruko informaziorik eskuratu.
Foru Aldundiko ongizate esparruko arduradunek hainbatetan murrizketarik ez bideratzeko asmoak agertu ostean, neurri honek eragiten dien egonezina azpimarratu dute familiek. Adimen ezintasuna duten pertsonentzako eguneko arreta eta lanerako baliabideen esparruan ematen den lehen murrizketaren aurrean aurkitu dira eta, atzetik etor daitezkeenen aurrean, beraien eskubideak tinko defendatzeko konpromisoa adierazi dute.