JAVI BLANCO (Laudio, 1979) Satya Yoga Eskolako kidea da. “Zure barruan dagoena” antzezlanean gidoigile eta aktore aritu da. Otsailaren 10ean, 12etan, Laudioko Lanbide Heziketa Udal Ikastetxeko antzokian aurkeztuko dute lana.
Zein da antzezlanean kontatzen duzuen istorioa?
Tira, egia esan gure arteko edozeinen istorioa da. Munduan zelan ibiltzen garen antzezten dugu. Bi istorio paraleloz osatutako trama da. Batetik gure barneko mundua islatzen dugu: emozioak, pentsamenduak eta arima bera itsasontzi bateko bidaiariak bihurtuz. Itsasontzia gobernatzeko beraien artean sortzen diren borrokak azaltzen ditugu. Beste istorioa kanpoko munduan kokatzen da, bikote batek elkar ezagutzean dituen bizipenetan, barruko itsasontzi horren gidari aldaketek eragiten dituzten liskar barregarriak erakutsiz.
Bateragarriak al dira yoga eta komedia?
Jakina! Yoga bizitzaren eguneroko kontu guztiei kontzientzia gehitzea baino ez da, eta bizitza askotan barregarria suertatzen da, ez ala? Batzuetan yoga egiteko Indiara joan behar dela uste dugu; oso espiritual edo mistikoa izan behar duzula praktikatzeko. Eta ez da horrela, inondik inora. Egia esan yoga kontu arrunta da, eguneroko errealitatearekin lotzen gaituena, eta komedia honekin hala erakutsi nahi dugu. Publiko guztiengana helduko den antzezlana da.
Ez zarete ohiko antzerki taldea. Zelan sortu da ekimen hau?
Yoga praktikan elkar ezagutu dugun taldea gara, Sanatana Dharma eskolan irakasle zein ikasle ibilitakoak. Gutariko batzuk antzezlan laburra prestatu genuen Yoga kongresu batean aurkezteko. Sekulako arrakasta lortu zuen eta ingurukoek benetako antzezlana prestatzeko animatu gintuzten. Esateko asko dugu, eta baita ere modu dibertigarri batean egiteko gogoa. Behin proiektua martxan jarriz gero, hainbat kide hurbildu da bere ekarpena eskaintzen eta talde jendetsua osatzen amaitu dugu, bateratua eta indartsua, alajaina!
Laudion yoga irakasle ari zara egun Satya Yoga Eskolan. Zer ari zara zure klaseetan lantzen?
Zorionez herriko yoga eskolak oso eskaintza osatua du, ordutegi anitzak eta irakasle prestatuekin. Ez da yogak duen alde fisikora mugatzen, esan nahi dut, ez da soilik yoga-jarrera edo asanen praktikara mugatzen, teknika gehiago lantzen dira. Meditazioaren praktikarako taldea eskaintzen du eta aldiro tailer eta hitzaldiak eskaintzen ditu.
Aurten yoga-sadhana izeneko taldea eskaintzen dut. Berton yoga dinamikoa lantzen dugu yogaren funtsetik aldendu gabe. Hilabetean behin iraupen luzeagoa duen saioa eskaintzen dut, hiru ordutakoa, yogaren inguruko teknika ugari bilduz berton. Ohiko ordu t’erdiko saioetan hainbat teknika eta ezagupen lantzeko astirik ez eta sakontzeko gogoa azaldu duten ikasleen proposamena bildu nuen talde honetan.