Laudioko Udaleko Hezkuntza eta Gazteria arloak familiei nerabeak laguntzeko orientabideak eskainiko dien zerbitzua abiatu du. Etxeko egunerokoan antzeman daitezkeen alarma egoera ezberdinei, alegia, etxean, lagun artean edo eskolan sor daitezkeen oztopo edo arazo nabariei aurre egiten lagunduko duen zerbitzua izango da.
13 eta 21 urte bitarteko seme-alaba nerabeen familiei zuzendutako zerbitzua izango da eta nerabea Laudioko ikastetxeetan matrikulatuta edo herrian erroldatuta egon beharko da.
Egoera ezberdinen aurrean, besteak beste, harreman gatazkatsuak, kontsumo desegokiak, eskola porrota edo piper egitearen aurrean, analisia eta orientazioa bideratzeko tresnak eskainiko ditu zerbitzuaz arduratuko den profesional taldeak. Egoerak hala eskatuz gero, baloratutako kasuak bestelako zerbitzuetara igortzeko proposamenak ere egingo dituzte.
ZUZEN zerbitzua
ZUZEN izena eman diote zerbitzuari. Egoitza Laudioko Udaletxean izango dute eta informazio gehiagorako 94 403 48 50 telefonoa eskaini dute, 8:00etatik 14:30erako ordutegiaz.