Ellakurin martxan jarriko dituen ortu ekologikoen erabilera eta funtzionamendua azaltzeko bilera irekia deitu du Laudio Udaleko Garapen Agentziak urtarrilaren 10erako. Hitzordua, 19:00etan, Lanbide Heziketa Udal Ikastetxeko zineman jarri dute.
Ortu ekologiko bat lantzen interesatuta dauden herritarrek ezarriko diren funtzionamendu araudi eta kuotak, zein eskaera bideratzeko jarraitu beharreko prozeduraren berri izango dute bileran. Tramiteez gain, ortu ekologikoen inguruko prestakuntza egitasmoen informazioa ere eskainiko da.
Proiektuaren garapenaren ondorioz, ortu ekologikoak landuko dituzten herritarrek osatutako lagapen-hartzaile komunitatea eratuko da, eskubide eta betebehar zehatzekin. Komunitate horretako partaide izateko eskaeren kudeaketa, bere sostengu ekonomikorako egin beharreko ekarpenen antolaketa eta Udalak komunitatearekin izango duen hartu-emanean aitortuko dituen konpromisoak eta ezarriko dituen baldintzak azalduko dituzte bileran.