Amurrioko Mendiko Lagunak taldeak “Mendi Kantan” liburu-diska argitaratu berri du. Taldearen 50. urteurrenaren ospakizunen testuinguruan gauzatu duten argitalpenak, Gorobel mendilerroa ezagutzeko gida praktikoa, Aiara eskualdearen inguruko argibide etnografikoak eta euskal kantutegi bat bildu ditu.
Liburu-diska salgai dute dagoeneko 12 euroren truke Taupaka eta Hala Dzipo elkarteek Durangoko azokan (Barrenkale, 10) jarri duten saltokian. Internet bidezko salmenta abian dute ere taldearen blogean, http://mendikolagunak.blogspot.com.es helbidean.
Natura eta giza-ondarea
Eskualdeko elkarte eta artista ugariren elkarlanaz baliatu dira Gorobel mendilerroaren ondare naturala eta bere magaletan garatutako giza-ondare aberatsa 120 orrialdetako gidan islatzeko. Bost atal ezberdinetan banatu dute: artzaintza, ura, kobazuloak, bideak eta gailurrak. Testu eta irudiekin batera Gorobeleko hainbat txoko esanguratsuetako GPS koordenatuak gardenkien bidez mapatan txertatuta erakusten dituzte ere: trikuharriak, otsotegiak, tumuluak, aterpe eta txabolak...
Kantutegia
Gidaren atal bakoitzaren atari gisa, bost kantu grabatu dituzte Ruben Isasiren gidaritzapean. Kantuekin batera grabaketa saioetako lana biltzen duten bi bideoklip txertatu dituzte diskan.
Kantu bakoitzak aurkezten duen gaiarekin duen lotura azpimarratu nahi izan dute musikarien moldaketek. “Ikusten duzu goizean” kantuak zabaltzen du diska, ahotsak, piano eta kariloi soinuekin uztartuz. “Done Erroke pil-pilean” kantuan berriz, trikitixarako kopla zaharrak eta batukada erritmoak biltzen dira. “Lelotxo Montañako” kantuak alboka du protagonista eta “Bautista Basterretxe” kantuari balkandar dantza komikoen kutsua eman diote. Azken atalaren aurkezpenerako, gailurrei eskainitakoa, Amurrioko txistulariak bildu dituzte “Ikusi mendizaleak” kantuan.
Kantu hauez gain, 50 osatu bitartean, beste hainbat bildu dituzte euskal kantu bilduma honetan.