PSEk aurkeztutako mozioari aurre eginez EAJk eta Omniak etxe kaleratzeen aurka aurkeztutako mozioa onartu zuen Laudioko Udalbatzak astelehenean, azaroaren 26an.
Bilduk aztertutako mozio bien aldeko botoa eman zuen. PPk, EAJ eta Omniarekin batera, PSEren proposamenaren aurka egin zuen eta abstentzioa aukeratu zuen azken hauen mozioaren aurrean. PSEk, azkenik, abstentzioa jorratu zuen bere proposamenaren alternatiba gisa azaldutako mozioaren aurrean.
Gobernu taldearen aldetik teknikariek kasu hauetarako arreta protokoloaren zirriborroa prest dutela adierazi zuen Txari Baladok, Gizarte Ongizate zinegotziak. Udalbatzako talde guztiek Gobernu taldearen proposamena aurki jasoko dutela adierazi du Bilduk azkenik.
Estatuko gobernuari eskakizunak
EAJk eta Omniak komunean landutako proposamenak Estatuko gobernuari etxe kaleratze prozesuengan zuzeneko eragina duten legerien aldaketak eskatzen dizkio, besteak beste, Konkurtsoen legea, Hipoteka-legeria eta Auzi-Prozedura Zibilaren legea.
Mozioari jarraiki, lege aldaketak gauzatzen diren bitartean, etxe kaleratze prozeduren epeen luzamendua eskatuko dio Laudioko Udalak Espainiako gobernuari.
Honez gain kaltetuen arretarako protokoloa eratuko du Udalak hilabete baten bueltako epean gehienik jota. Ekimen honen bidez Stop Etxe Kaleratzeak Aiara Elkartearekin hitzarmena ere bideratuko da.
Informazio eta sentsibilizazio ekimenak ere bideratuko ditu Udalak etxe kaleratzeen harira.
Aiaraldeko datuak
Erakunde publiko ofizialek estatistika zehatzik eskaini ezean, Stop Etxe Kaleratzeak Aiara Elkartea datu bilketan aritu da eskualdean, aholku eske ate joka dituzten pertsonen artean jasotako informazioa eskainiz. Elkarte honek emandako datuen arabera, 5 etxe kaleratze prozedura azaldu dira Aiara eskualdean aurki bideratzekoak eta, antza, Espainiako gobernuak bideratu berri duen 2 urtetarako moratoria erabiliz, momentuz indargabe geratuko direnak. Subasta epean askoz kasu gehiago daudela adierazi dute Elkarteko arduradunek.
Euskal Herria martxan
Sindikatuek eta gizarte eragileek abian jarritako Euskal Herria martxan ekimena barruan Aiaraldean sortutako plataformak Laudion azaroaren 29rako Lamuza plazan 11:00etan deitu duen mobilizapenak etxe kaleratzeen aurkako protesta jasoko du. Etxe duinerako eskubidearen aldarrikapena kaleratuko dute banketxeetako ate aurrean.