Urria amaierako udalbatzak, Uraren Euskal Agentzia, URA, eta Laudioko Udalaren artean Nerbioi ibaia eta Donibane erreka bideratzeko lanen abiapuntu izango den esparru-hitzarmena izenpetzea erabaki zuen. Bilduren eta PSOEren udal taldeek aldeko jarrera agertu zuten bozketan, EAJk eta PPk berriz, kontrako jarrera agertu zuten. Omniako zinegotziak, Nerea Gonzalezek, bere taldearen desadostasuna azaldu ondoren, ez zuen bozketan parte hartu akordioak aurreikusten dituen desjabetzek bere etxebizitza barne hartuko dutela argudiatuz. Alkatearen kalitateko botoak erabaki zuen boto berdinketa.
Esparru-hitzarmena URA agentziak eta Laudioko udalak garatuko duten elkarlanerako akordioen abiapuntua izango da. Hitzarmenaren ondorio ekonomikoak iragartzen dituen txosten ekonomikorik azaldu ez izana argudiatu zuten EAJk, PPk eta Omniak beraien kontrako jarrera arrazoitzeko. Honez gain, EAJren aburuz teknikarien txostenak ez ziren esparru-hitzarmena bideratzearen aldekoak. Birritan eskatu zuten jeltzaleek akordio proposamenaren inguruko bozketa atzera botatzea.
Desjabetzeak
Esparru-hitzarmenak Udalaren ardurapean kokatzen du Donibane erreka eta Nerbioi ibaia bideratzeko egin beharreko desjabetzeak eta desagertuko diren etxebizitzen ordez eskaini beharreko berrietarako orubea eskaintzea. Goikoplaza inguruko orube batean iragarri da, antza, etxebizitza horien kokapena. Atal honetan datza agertutako bideragarritasun ekonomikoaren aurkako eritzien funtsa.
PSOEko arduradunak, Txaro Sarasuak, Gasteizko udalak baldintza berdinak izenpetu berri dituela agertu zuen eta Udala hipotekatzeko arrisku izpirik sumatuz gero ez luketela alde egingo gaineratu zuen.
Bilduren aldetik, Natxo Urkixok esparru-hitzarmenak ez duela eduki zehatzik zehazten azpimarratu zuen. Alkatearen esanetan edukiak geroago sinatu behar den hitzarmen batek jasoko ditu eta orduan negoziatu beharko dira alde bakoitzaren ardurak eta betebeharrak. Azkenik, oraingo aukera ez bideratzekotan, URAk bere lehentasunak Laudioko beharrak kontutan hartu gabe zehazten jarraituko duela gaineratu zuen.