Laudio Herriko Enplegu Batzarraren lehen bilkura deitu dute urriaren 29rako, 18:30ean, Udaletxeko areto balioanitzean. Udalaren osoko bilkurak abuztuaren 27an eratutako Tokiko Enplegu Mahaiaren garapena jarriko du abian Laudio Udaleko Garapen Agentziak. Udalbatzak adostutako Enplegurako sektore-kontseilu honen araudia indarrean da irailaren 19az geroztik.
Parte-hartze izaerako organo berriak, enpleguaren arloan tartean sartu edo interesa erakusten duten herritar guztiak bildu nahi ditu. Eragile sozialek, hezkuntza komunitateak, erakundeetako ordezkariek eta formazio politikoek ere foro berrirako gonbitea jaso dute.
Batzar irekiarekin “Enpleguaren aldeko ituna” herrian eratzeko lehen urratsa osatuko da. Berton jasotako helburuek, proposamenek eta proiektuek ondoren Herriko Enplegu Mahaiak jorratuko duen lanaren abiapuntua ezarriko dute.
Enplegu Mahaia
Tokiko Enplegu Mahaia herriko eragile sozial, ekonomiko eta politikoen bilgune bihurtuko da. Bere helburu nagusia eztabaiden bidez adostasun puntuak erdiestea izango da. Ondorioz, lortutako akordioak ez dira botazioz erabakiko eta mahaikide bakoitzaren esku egongo da erabakiekiko lotura agertzea.
Batzarrak helarazitako proposamenez gain, Laudion enplegua sustatzeko interesa duten proposamen guztiak analizatzea, eztabaidatzea eta aurre-aukeratzea izango da bere jardunaren helburua. Udalaren ekimenez sortu denez, Udalbatzarraren aholku-egitura ere izango da.
Enplegu Mahaiak alkatea izango du presidente eta berton ondorengoak bilduko dira: Garapen Agentziako ardura duen zinegotzi ordezkaria, udal talde bakoitzeko zinegotzi bana, Udalerrian presentzia duten sindikatuen ordezkariak, Merkataritza Ganberako ordezkaritza, Enpresarioen elkarteen ordezkariak, LANBIDEren ordezkaritza pertsona bat, Merkatarien Elkarteen ordezkaritza, Udalerriko enpleguko zentro berezi edota desgaitasuna dutenen enpleguaren sustapenean lan egiten duten Elkarteen ordezkari bat, Herriko hezkuntza komunitatearen ordezkari bat eta Garapen Agentziako Arduradun Teknikoa. Hauez gain, Mahaiaren iritziz interesgarria deritzon beste edozein pertsona edo elkartek ere izango dute hitza berton.