“Sorgin zapatuak” programa abian izango da berriro urriaren 6tik aurrera Laudion. Uda garaiko oporraldiaren osteko lehen saioa Gardea auzoan eskainiko da Arima taldearen eskutik.
Eguneko programaketak gomazko maskarak egiteko tailerra eta askaria eskainiko du. 5 eta 12 urte bitarteko neska-mutilei zuzendutako doako aisialdi programak ohiko ordutegia mantenduko du: 17:30etik 19:30era.
Herriko neska-mutilen aisialdian euskararen erabilpena sustatzea da Laudioko udalak 2010az geroztik martxan duen programa honen helburua. Udazkeneko gainerako larunbatetan, urriak 20 eta 27, azaroak 3, 10, 17 eta 24 eta abenduak 1, 15 eta 22an, ekintza sorta ugari eskainiko da Laudioko Ludoteka, Aretako Kultura Etxea eta Ugarte eta Gardea auzoetan tartekatuta Kirikiño taldea eta Arima Cool Tour enpresaren eskutik. Aiaraldea .com-eko agendan txertatu ditugu gabonak bitartean izango diren hitzorduen programa zehatza.