Laudioko Extremadura Etxeak Erkidego Autonomo horretako zaindariaren jaia ospatuko du irailaren 8an; ostegunetik igandera luzatuko den jai eta kultura-egitaraua osatu dute ospakizunaren inguruan. Latiorro auzoko Kamaraka kalean, egoitzaren ondoan, ospatuko dira ekitaldiak.
Egitaraua ostegunean abiatuko da arratsaldez ospatuko den marrazketa, argazki eta olerki lehiaketarekin. Ondoren, otamena eskainiko diete partaide guztiei.
Flamenko jaialdia
Ostiraleko programak umeentzako jokoak eskainiko ditu 17:30etik aurrera. Iluntzean, 21:45ean, Flamenko jaialdia eskainiko dute Mariano Mangas gitarra joleak eta Nieves Diaz flamenko-kantariak.
Mariano Mangas (Agilar de Campoo, 1962) Madril eta Rotterdameko Kontserbatorioetan lizentziatutako gitarra jolea da. Flamenkoaz gain Folk eta gitarra akustikoa landu ditu eta estilo ezberdineko lau KD argitaratu ditu. Sei urtez Puertollanoko Kontserbatorio Profesionalean eskolak eman ondoren, Madrilgo Arturo Soria Kontserbatorioko gitarra flamenkoko irakaslea da egun.
Nieves Diaz (Madril, 1975) flamenko dantza konpainia ezberdinetan aritu da kantari. 1996ko La Uniongo Meategietako Kantu Txapelketako finalista izan zen eta hiru urtez sari ezberdinak jaso ditu ere Lo Ferro-ko Flamenko jaialdian.
Guadalupeko ama
Extremadurako zaindariaren egunean, larunbatean, meza izango dute eguerdian eta 13:30ean Extremadurako etxeko bazkideentzako bazkaria antolatu dute. Arratsalde partean Algarabia dantza taldearen emanaldia izango da 19:30ean eta iluntzean Pensilvania orkestrak dantzaldia eskainiko du.
Igandean untxi, gazpatxo eta tortilla txapelketaren txanda izango da. 9:00etan hasita 13:00ak bitartean izango dute tartea partaideek kazolak aurkezteko. Txapelketa ospatzen den bitartean euskal herri-kirolen erakustaldia izango da. Jai amaiera 19:00ak aldera ospatuko dute txokolate jana batez eta karta eta igela jokoekin.