“Nahiago izango nuke Euskal Herriko azterketa bat egin izana”

AITOR FERNANDEZ IGLESIAS (Laudio, 1994) Laudio Ikastolan Batxilergo bigarren mailako ikasketak egin dituen gaztea da. Aurten Euskal Autonomi Erkidegoko ikasleen arteko Batxilergoko Sari berezien deialdian parte hartu du, bosgarren postua lortuz.

Zer iruditu zaizkizu Batxilergoko ikasketak?

AITOR FERNANDEZ IGLESIAS (Laudio, 1994) Laudio Ikastolan Batxilergo bigarren mailako ikasketak egin dituen gaztea da. Aurten Euskal Autonomi Erkidegoko ikasleen arteko Batxilergoko Sari berezien deialdian parte hartu du, bosgarren postua lortuz.

Zer iruditu zaizkizu Batxilergoko ikasketak?

Ezin dut esan Batxilergoa zaila izan denik nota onak lortu ditudalako, baina bai oso gogorra, batez ere, gorroto ditudan irakasgaiak ikasi behar izan ditudan momentu horietan. Dena den, kurtsoa eramangarria izan daitekeela iruditu zait. Horretarako, gogotsu egotea da gakoa, baina ez hori bakarrik, atseden hartzen jakitea ere ezinbestekoa dela uste dut. Horregatik, nire lagunekin festarik festa ibiltzeari ez diot utzi.

Bestalde, Batxilergoak begiak ireki dizkit, hau hasi aurretik medikuntza ikasteko asmoa bainuen, baina benetan gustuko dudana fisika dela konturatu naiz. Horregatik, Laudio Ikastolako irakasle orori eskerrak eman nahiko nizkioke han egondako 16 urteetan zehar hainbeste laguntza eskaintzeagatik.

Nola enteratu zinen Batxilergoko sari berezien deialdiaz? Zergatik hartu zenuen parte hartzeko erabakia?

Ikastolan bertan enteratu nintzen batxilergoko notak jasotzera joan nintzenean. Nire batezbestekoa 8.75 baino altuagoa zenez Jon Muñozek, nire tutoreak, hauei buruz hitz egin zidan eta, egia esan, selektibitatea hain gertu izanik ez nien garrantzia handirik eman. Hala ere, nire amak froga hauek egitera bultzatu ninduen aukera ezin hobea zelako nire etorkizunari bultzada ekonomiko txiki bat emateko.

Nola prestatu zenituen frogak? Asko ikasi behar izan zenuen?

Ez dut gezurrik esango, ez nuen liburu bat bera ere ireki froga hauek prestatzeko, selektibitatea buru belarri prestatzen egon eta gero, ulertuko duzuen bezala, ikasteaz nazkatuta bainengoen. Nolanahi ere, badirudi kurtso osoan zehar eta selektibitateari begira egindako lana prestaketa ona izan dela Batxilergoko aparteko sari hauetan neure burua defendatu ahal izateko.

Froga egin eta gero espero zenuen sariren bat lortzea? Sorpresa izan da?

Azterketa hauen zailtasun maila inoiz egin dudan beste edozein azterketarena baino handiagoa zen, baina hauek entregatu nituenean, oro har, oso pozik gelditu nintzen egindako lanarekin. Dena den, nahiago nuen itxaropen faltsurik ez sortzea eta emaitzak argitaratzen ziren arte itxarotea, askotan esperantza horiek baitira geure minaren erantzule.

Ekainaren 25ean emaitzak argitaratu zirenean, ni Maltan nengoen nire lagun batekin, lo seko. Emaitzak jakiteko eguna iritsi zela konturatu nintzenean berehala hartu nuen mugikorra mezurik nuen ikusteko eta amarena irakurtzean 5. postua lortu nuela esanez, oraindik lotan zegoen nire lagunaren gainean salto egin nuen pozez gainezka. Beraz, ezbairik gabe, oso sorpresa pozgarria izan zela esan dezaket.

Hala ere, zintzo hitz eginda, Euskal Autonomi Erkidego mailan lortutako postu horrekin oso pozik egon arren, nahiago izango nuke Euskal Herriko azterketa bat egin izana, euskaraz dakigun guztion arteko azterketa bat alegia, beheragoko postu batean geldituko banintz ere.

Jendea horrelako frogetan parte hartzera animatuko zenuke?

Froga hauetako sari bat eskuratu dudanez, galdera honi ezin diot ezetza eman inondik inora. Hasiera batean, ni neu ere ez nengoen oso konbentzituta, baina pentsatzen jarrita ez duzu ezer galtzerik (arratsalde eguzkitsu bat kasurik txarrenean) eta irabaz dezakezuna, aldiz, asko da. Beraz, aukera izatekotan, ez pentsatu birritan eta anima zaitezte, merezi du eta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide