Asteburuan zehar ekainaren 29an ospatzekoa den San Pedro egunaren inguruko jai giroa zabalduko da Laudioko erdigunean, Delikan, Menagarain, Arrankudiago Uribarri auzoan eta Orozkoko Murueta eta Zaloa auzoetan. Programa guztietan herri bazkariak eta musika izango dira ekintza nabarmenenak.
Sanpedropeko
2010ean Sanpedropeko jaiak biziberritzeko abiatutako ekimena finkatuz doa Laudioko Jaiak Koordinakundearen eskutik. 10:00etan hasiko den Sukalki txapelketa eta berton prestatutako kazolekin 14:30ean antolatuko den herri bazkaria izango dira jaiaren ardatz nagusia larunbateko programan.
Igor Arzuaga & Luisvil eta Erizos taldeen kontzertua ostiralean eta Mala Reputación, Bastards on Parade eta Zirkiñik Bez taldeena larunbatean, programaren beste ardatza osatuko dute.
Jaiaren inguruko argibide guztiak sanpedropeko.wordpress.com blogean bistara daitezke.
Delikako San Joan jaietarako autobusak
Delikako jaiak ostiralean hasiko dira. Arisgoiti taldearen dantzaldia izango da gauerditik aurrera.
Larunbatean herri bazkaria izango da 14:30ean eta ondoren karta jokoen inguruko txapelketak izango dira. Gauerako, 24:00etatik aurrera, Mandoilek taldearen kontzertua, Honat taldearen dantzaldia, disko-dantza eta txokolate jana , goizeko 7:00etan, antolatu dituzte. Amurriotik autobusak abiatuko dira 23:00, 23:30 eta 24:00etan, itzulera orduak goizeko 6:30, 07:00 eta 07:30ak izango dira.
Murueta eta Zaloa
Orozkoko Murueta eta Zaloa auzoek ere San Pedro egunaren inguruko ospakizunak eskainiko dituzte.
Muruetan ostiral arratsaldean hasiko dira jaiak txupinazo, irrintzi eta kanpai-hotsekin 21:00etan. Ondoren txorizo dastatzea eta musika izango dute. Larunbateko herri bazkaria 14:30ean izango da eta bazkalondorako kantuan aritzeko aukera izango da Manterola anaiekin eta Zeberioko musika taldearekin. Lotxo taldeak 22:00etatik aurrera eskainiko duen dantzaldia heldu bitartean, errifa, Ubixeta dantza taldearen emanaldia, irrintzi txapeleta eta mus eta briska txapelketak izango dira.
Zaloa auzoan pintxo dastaketa antolatu dute ostiraleko 11:30etako meza osterako. Igandean, Ubixeta taldeak eskainiko du emanaldia 13:00etan, meza ostean ere.
Arrankudiagako Uribarri auzoa
Arrankudiagako Uribarri auzoan ostegunean abiatuko dira jaiak arratsalde partean. 20:00etatik aurrera txupinazo, kalejira, sua eta txokolate janarako hitzordua dute. Ostiralean, San Pedro egunean, herri bazkaria izango dute 13:30 txikienek eta 14:30ean helduek. Bazkalosterako disko festa programatu dute arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
Larunbateko programak umeentzako ekitaldiak bilduko ditu. Egun osoko festa izango dute umeek, bazkari eta afari-merienda barne; puzgarri, jolasak, entzierro eta erromeria izango dira eguneko ekintzak.
Igandean bakailao eta tortilla txapelketak lehiatuko dira. Eguerdi partean euskal dantzak Agintzari taldearen eskutik eta biolin kontzertua eskainiko dira. Arratsalde partean Eriz magoaren Saioa eta disko festa antolatu dituzte jaien amaiera gisa.
Menagarai
Menagaraiko San Pedroetan luntxa eskainiko du Administrazio Batzarrak ostiralean 13:00etan. Iluntzean, 22:00etan, barbakoa egingo dute herritarrek Otegiren soinuaz lagunduta eta eguna amaitzeko txokolate jana ere programatu dute.
Herri bazkaria kasu honetan uztailaren 8an, 14:30ean, ospatuko da. Emakumeen taldea arduratuko da antolaketaz; trikitixa animazioa eta Jose Luis Biguri jota kantaria iragarrita daude bazkaria girotzeko. Izen ematea uztailaren 4a bitartean izango dute zabalik 945 399140 / 945 399354 / 945 399341 telefonoetan.