Ekainaren 23an, ESAIT, EH Kirola eta Kontseiluaren eskutik, “Hamaika gara!” lelopean, emakumezkoen nazioarteko futbol-partida antolatu da. Anoetako futbol-zelaian, arratsaldeko 16:30ean, Euskal Herria Eslovakiaren aurka lehiatuko da.
Ekimenak parekidetasunaren aldeko aldarria, euskaraz bizitzeko aldarria eta munduan herri gisa aritzeko aldarria kirolaren praktikarekin lotuko ditu. Horretarako egun osoko jaia antolatu dute futbol-partidaren inguruan.
Laudioko kirolarien herri argazkia
Laudion ekimena jendartean aurkezteko asmoz, herriko kirol talde ezberdinetako partaideei, beraien taldeko kamiseta jantzita, argazki kolektibo batean parte hartzeko gonbitea luzatu zaie ostiralerako, ekainaren 15erako, arratsaldeko 19:30ean, Herriko Plazan. Deialdia herriko ikastetxeetako kirol taldeetara ere zabaldu dute.
Ekainaren 23an egun osoko festa Donostian
Jai programa oparoa antolatu dute partida aurretik. Berton izango dira, besteak beste, Porrotx eta Irrien lagunak, Txan Magoa, DJ Bull, Zer Esatek, Amaiurko Naroa, Andde Dualde eta Alex Sardui. Partidaren atsedenean Asier Riesgori penaltia jaurtitzeko 'penaltien txanda' ere antolatu dute.
Laudiotik autobusez joateko aukera izango da 10 euroren truke. Txartelak eta sarrerak salgai izango dituzte Laudio Ikastolan eta Bazter tabernan. Autobusak goizeko 10:00etan abiatuko dira Laudioko institututik eta itzulera Donostiatik 18:30etan jarri dute denok San Joan suarako garaiz buelta gaitezen.