Arabako Foru Aldundiak ekainerako AP-68 autobidearen erabilpenerako ezarrita duen bidesari sozialean iragarritako murrizketak, Aiara eskualdeko bizilagunek herrialdeko gainerako eskualdeekiko duten komunikazio-defizita areagotuko duela salatu du Bilduk.
“Aldundiak ezarritako aldaketak murrizketak baino ez dira eta beti herritarren kalterako dira” adierazi du koalizioaren biltzarkidea den Andoni Oruetak. “Aiarako Koadrilan komunikazio gabezi asko daudela ahaztu du Foru Aldundiak eta horren ondorioz, Gasteizera doazen bizilagunak AP-68 erabiltzera behartuta daudela ahaztu du”, gaineratu du banatutako prentsa ohar batean.
Aldaketa baino, murrizketa
Arabako Foru Aldundiak %50eko hobaria eskaini du orain arte hilean 20 bidaia baino gutxiago egiten zituzten Aiarako bizilagunentzat. Hobaria %75era igotzen zen, bidesaria hilean 20 aldiz baino gehiago ordaintzen zutenentzako. Baldintza hauek murrizten dituen aldaketa onartu berri du Aldundiak. Ekainetik aurrera %50era murriztu da 25 bidaiatik gora egiten dituzten erabiltzaileentzako. Horrez gain, herritar asko diru-laguntzarik gabe geldituko direla aurreikusita, diru-partida 100.000 euro murriztu da.
Bilduk eskainitako datuen arabera, Araban bidesari soziala martxan jarri zenetik, hobariak dituen bidaien kopuruak gora egin du etengabe eta 300.000 bat dira gaur egun. “Dena den, Bilduk datu gehiago eskatu dizkio Herrilan eta Garraioak Foru Diputatuari. Datu zehatzak eta bertako udalerri zein bizilagunekin harremanetan egon diren ezagutzea lehenego eskutik da helburua”, adierazi du koalizioak.