Laudioko udalak auzo asanblada txanda berria jarriko du abian ekainaren 4tik 10a bitartean. Udalak 2012rako onartutako aurrekontuen gertuko azalpena herritarrei eskaintzea izango da bileren lehen helburua. Horretarako aurkezpen irekia proposatuko da lehenbiziko puntuan, auzotarrek izan ditzaketen zalantzak zuzenean agertu ditzaten.
Auzo bakoitzak 2011ko bilera sortan planteatutako ekarpenek Udalaren egitasmoetan izan duten benetako isla utziko du agerian aurrekontuen irakurketa partekatu honek.
Bigarren puntuan orain arte asanbladatan bildutako proposamen zerrenda osoa, bideratzen hasi direnena zein diru-errekurtso faltagatik bideratu gabe daudenena, izango da aztergai. Atal honetan ekarpen berriak jasotzeko dinamika bultzatuko da.
Hirugarren puntuan azkenik, auzo bakoitzak eguneratutako proiektu zerrendaren antolaketari ekingo zaio. Herritarrek lehenesten dituzten beharren identifikazioa egitea izango da helburua.
Azken puntu honek Lehentasunen Udal Mapa berriaren zirriborroa eskainiko du, urte amaieran burutuko den bigarren asanblada txanda batek aztergai izango duena. Azaroa aldera egingo diren bilera horietako metodologiak auzo bakoitzean herriko gainerakoetan egindako proposamenen azterketa ahalbidetuko du. Asanblada bakoitzak, bere proposamenak kenduta, besteetan egindako proposamenen lehenespena egitea da lantzen ari den aukeretako bat herri mailako irakurketa partekatu eta orokorra bideratzeko.
Landa eremua, aurreneko hitzordua
Herriko nekazal guneetako auzokideak biltzen dituen asanbladak emango dio hasiera ekaineko hitzordu sortari. Ekainaren 4rako, astelehenerako, deitu dute eta 18:00etan Herriko Plazako hitzaldi aretoan ospatuko da.
Bertoko gai zerrendan aurreikus daitezkeen gaien artean, Santa Luziako nekazal etxea, Dubiris, ehizaren eremuak, larreak, Motxotekaleko auzokideek proposatu duten parkea, Olarteko urtegia, hiltegia, Santa Luziako heziak edo garbitu eta atondu beharreko nekazal bideak zerrendatu daitezke.