"Haur Masajeak guraso eta seme-alaben arteko konexio eta nutrizio afektiboa indartzen du"

JULENE ONAINDIA GARCIA (Laudio, 1988). Lehen Hezkuntzako Magisteritza ikasi du eta Hezkidetzan aditua da. Egun begirale lanetan dabil. Azken urteotan, lanpostua topatu bitartean, bere prestakuntza akademikoa osatzen jarraitu du eta horrek Sexu Hezkuntzako begirale ikastaroa eta Haur Masajea ikastera eraman du.

Zein da Haur Masajearen helburua?

JULENE ONAINDIA GARCIA (Laudio, 1988). Lehen Hezkuntzako Magisteritza ikasi du eta Hezkidetzan aditua da. Egun begirale lanetan dabil. Azken urteotan, lanpostua topatu bitartean, bere prestakuntza akademikoa osatzen jarraitu du eta horrek Sexu Hezkuntzako begirale ikastaroa eta Haur Masajea ikastera eraman du.

Zein da Haur Masajearen helburua?

Haur Masajean hindu masajea, suediar masajea, erreflexologia zein yogako printzipio eta teknikak tartekatzen dira, Vimala McClure-ren ideiekin konbinatuz. Honen helburua umeak eta gurasoak maitatuak eta errespetatuak izatea da, nutrizio afektiboaren bidez.

Zeintzuk dira Haur Masajearen bidez haurrek jaso ditzazketen onurak?

Onurei dagokionez, haurrek, gurasoek, familia osoak, eta gizarteak jasotzen dituzte.

Haurrek jasotzen dituzten onurak lau mailatan sailkatzen dira: interakzioa, zirikapena edo estimulazioa, erlaxapena eta, azkenik, eztidura.

Interakzioaren bidez haurren eta gurasoen arteko lotura sustatzen da, banan banako arreta, errespetua, maitasuna, ukimen elikagarria, enpatia…

Estimulazioa bizi-sistema guztietan ematen da. Adibidez, zirkulazio aparatua, liseri-aparatua, nerbio-sisteman eta immunologikoan; baita ere hizkuntzaren garapenean, zentzumenen integrazioan, gorputza eta adimenaren arteko ezagueran…

Erlaxapenari dagokionez, lo patroiak hobetzen ditu, malgutasuna handituz eta baita ere estres maila eta estresaren hormonak murriztuz…

Min eta ezinegonen aurrean, eztidura eragiteko tresna da ere: hestelodiko mina, idorreria eta iraizketa, hortzaldiko mina, tentsioak eta gehiegizko mukitasunek sortzen duten mina eta ezinegona  ere arintzen laguntzen du.

Honek ere familiarengan onurak izango ditu, ezta?

Bai, jakina. Gurasoek jasotzen dituzten onuren artean, euren seme-alaba hobeto ulertzea, bere seinaleak sumatu eta errespetatzea, lotura afektiboa sustatzea, autoestima eta konfiantza areagotzea, haziera trebetasunak hobetzea, kalitatezko denbora izatea, edoskitzaroa estimulatzea, beste gurasoekin topo egin eta harremanak izatea, besteak beste, ditugu.

Gainera, familia giroan neba-arrebek parte hartzen, euren arteko lehia murrizten, familia osoak  parte hartzen, giroa lasaitzen, gatazkak murrizten eta lo unea hobetzen laguntzen du.

Gizartearen kasuan, ukimen baikorra, errespetua eta enpatia sustatzeak gizarte “osasuntsuagoa” izaten lagunduko du, indarkeria eta abusuak murrizten laguntzen duelako eta kooperatibismoa bultzatzen du.

Zein da Haur masaje ikastaro baten dinamika, zer lantzen da?

Lantzen ditugun kontzeptu nagusiak, baimena eskatu, seinaleak eta errespetua, erlaxapen ukituak, esku pausatuak, euspena eta haur masajeko mugimenduen sekuentzia dira.

0 eta urte 1 bitarteko haur masajea bost saiotan banatzen da, bost aste guztira. Saioak taldeka zein indibidualki egin daitezke, talde mistoak, amatxuekin bakarrik, aitatxuen taldeak,… Aitatxuen taldea oso interesgarria iruditzen zait euren seme-alabekin lotura ezartzeko aukera ezin hobea delako, amatxoek haurdunalditik lotura hori dute haurrarekin eta bai aitatxoek baita amatxoek ere euren seme-alaben hezkuntza prozesuan batera parte hartzea oso aberatsa iruditzen zait.

Bestalde, kontuan hartzeko da gurasoek bakarrik egiten dietela masajea haurrei, lagun askok masajea egiten nabilela jakitean haiei egiteko eskatu didate, baina instruktoreok ezin ditugu umeak ukitu. Guk panpina batekin irakasten dugu eta gurasoek klasean ikasten dute behar den euskarria jasotzen, eurek hartu behar dute lotura edo konexio afektibo hori euren seme-alabekin lotura hori bizitza osoan zehar jarraituko du eta.

Sekuentzian zehar eta momentu oro laguntzen diegu. Sekuentzia hau malgua, moldagarria eta sinplea da. Saio hauetan masajeak eta eztabaidak, ezagupen eta praktiken tartekapena topatuko dituzte.

Instruktoreon edo hezitzaileon papera gurasoak laguntzea da. Gurasoak dira irtenbideak bilatzen ikasi behar dutenak. Guk lagunduko ditugu prozesu honetan guztian. Errespetua abiapuntutzat hartuta, gurasoak eta euren seme-alabak izango dira praktika honen protagonista bakarrak.

IAIM programa tresna edo baliabide bat da, gurasoak euren seme-alabak uler dezaten elkar disfrutatzeko lagungarria da, haurdunaldi ostean ager daitekeen depresioa murrizteko, gurasoengan konfiantza handitzeko eta gurasoen isolamendua murrizteko ere balio du.

Oso garrantzitsua da haur masajea ez dela tratamendu medikurik argi izatea, horretarako beste profesionalak daude, haurrekin konektatzeko baliabidea da eskaintzen duguna.

IAIM programa aipatu duzu. Nondik dator teknika edo programa hori?

IAIM, International Association of Infant Massage, Vimala McClure-k eratu zuen 1981.urtean Estatu Batuetan. Haur Masajearen inguruko irabazi-asmorik ez duen lehen elkarte internazionala izan zen hau. Nahiz eta haur masajea orain dela mila urte baino gehiago existitu munduko hainbat herrialdetan, Vimala horren inguruan programa profesionala egiten lehena izan zen. Munduko amatxu guztiak euren seme-alabak laztandu, kulunkatu eta masajeak ematen dizkiete, adibidez, Kanadako eskualde artikoan bizi diren eskimalek, Indiako hegoaldetik Irlandara, Hego Amerikan, Errusian, Afrikan, besteak beste.

Kontuan hartu behar da kultura askotan, umeen masajea belaunaldiz belaunaldi transmititzen den artea dela. Elkarte honi esker, Haur Masajeko mila hezitzaile daude mundu osoan zehar.

Gure gizartean ez dago hain hedatuta ukitzeko kultura hori, denborarekin ohitura hori galtzen joan da. Pena bat da maitasuna, errespetua, lasaitasuna,… azken finean sentimenduak adierazteko eta jasotzeko esperientzia ederra da eta. Haurrek gure maitasuna, energia eta beroa behar dute eta horretarako, egunean zehar denbora tarte bat eskaintzea beharrezkoa da beste gauzetan pentsatu gabe bakarrik gure haurrarengan pentsatuz.

Zein prestakuntza jaso duzu?

IAIM elkarteak adar asko ditu 27 herrialde baino gehiagotan, horietako bat AEMI (Asociación Española de Masaje Infantil) dugu Estatu Espainolean.

Elkarte hau Mercè Simón kataluniarrak eratu zuen eta urtero instruktore edo hezitzaile berriak hezten ditu. Elkarte honek umeak mundu osoan zehar maitatuak eta errespetatuak izateko lan egiten du. Bera izan da nire irakaslea Bilbon jaso dudan ikastaro honetan eta nire tutorea izaten jarraitzen du, talde txikiak hezten ditu prestakuntza aberatsagoa eta gertua izan dadin.

Aurrerantzean, titulu hau osatzen duen hurrengoa ateratzeko asmoa dut 1-7 urte bitartekoa, alegia.

Haur Masajea egiteko ez da aurretiko prestakuntza berezirik behar, ikasteko eta praktika maitatzeko interesa eta gogoak baino. Edonork ikas dezake Haur Masajea, nire taldean denetarik zegoen: fisioterapeutak, hezitzaileak, gurasoak, etxeko andreak…

Hezitzaile moduan jardun nahi direnak, AEMI- ko web gunean sartu eta eskainiko diren ikastaroen datak begiratzera animatzen ditut, oso aberasgarria eta interesgarria suertatuko zaie bai ikastaroa eta baita praktika ere.

Argi izan behar dugu haur masajea ez dela beste teknika edo arloekin nahastu behar.

Familia esparrutik kanpo aplika daiteke teknika hau?

Gurasoak euren seme-alabekin edo familia mailan neba-arrebak praktikara eramateko prozesua da eta ezin da erabili inondik inora, adibidez, Haur Eskolako ikasleei masajea emateko. Praktika honen helburu nagusiaren kontra joango litzatekeelako, guraso eta seme-alaben arteko konexio eta nutrizio afektiboan oinarritzen baita.

Euren umeekin praktika hau ezagutu eta ikasi nahi dutenei, gurasoei eskeinitako bost saioko ikastaroa egitea aholkatzen diet. Euren seme-alabak gehiago ezagutzeko, konektatzeko, disfrutatzeko eta ukimen elikagarria (nutrizio afektiboa) lantzeko aukera aparta da.

Haur masajearen inguruko esaldi batekin bukatu nahi nuke guraso guztiak euren seme- alabei masajea ematen eta gehiago ukitzen gonbidatzeko:

“Ezti eta gozoki ukitzen banauzu,

Begiratzen banauzu eta irri egiten badidazu,

batzuetan zuk hitz egin aurretik entzuten badidazu,

ni haziko naiz, benetan haziko naiz”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide