EHNE-Bizkaia sindikatuak bultzatutako ESNETIK kooperatibaren aurkezpena egin berri dute Orozkon. Elikadura burujabetzaren printzipioetatik abiatuta, herri mailako eremuetan esnekien ekoizle eta kontsumitzaileen arteko konfidantzazko harremana proposatzen du proiektuak.
Durangaldeko eta Aiaraldeko Orozko, Okondo eta Urduña herrietako hainbat ekoizlek ekimenarekin bat egin dute, eta hasi berri den kooperatibak eskainiko dituen esnekiak maiztasunez eskuratuko dituzten bazkideen bila ari dira egun.
Kontsumitzaileen partaidetza banaka zein taldeka bideratuko dute, Kooperatibarako ekarpen bakoitza, bi kasuetan, 1.000 eurotakoa izango da. Bazkide kontsumitzaileek kooperatibak ekoiztutako esnekiak maiztasunez eskuratu ahal izango dituzte; era berean, ekoizleekin batera, kontsumitzaileek ere ekoiztu beharreko elikagaien aukeraketari eta banaketa zuzenerako sarearen garapenari dagozkien erabakietan ere hitza izango dute.
Orozkoko gaztategi bat esnekien ekoizpenerako lehen urratsak ematen hasia da Kooperatiba inguruko ekoizleei erositako esnea erabiliz.
Kooperatibaren garapenerako lehen fase honetan Teresa Sancho arituko da dinamizatzaile lanetan, infoesnetik@gmail.com posta elektroniko kontua eta 687 58 22 10 harremanetarako telefonoa eskaini ditu Kooperatibako bazkidetza gauzatzen interesatutako ekoizle eta kontsumitzaileentzat.