Laudioko udalak, eskualdeko beste zenbait udalekin batera garatutako ekimena dela medio, Senpereko aintziran igandean ospatuko den Iparraldeko Ikastolen jaira, Herri Urratsera, joateko autobusak antolatu ditu. Maiatzaren 10eko eguerdia bitartean txartelak salgai izango dituzte 11 eurotan Udal Euskara Arloan, udaletxeko 3. solairuan, eta Laudio Ikastolako idazkaritzan. Autobusak institutu aurretik abiatuko dira 09:15ean eta itzulera bidaian 16:30ean Senperetik.
Herri Urrats jaia 1984an sortu zen Ipar Euskal Herriko Ikastolen mugimenduari sostengu ekonomikoa eskaintzeko helburuarekin. 5.000 lagun inguru bildu zen hartan Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuako ikastolak biltzen dituen Seaska federazioak deituta. Aurten jaian bilduko den dirua Kanboko Xalbador kolegioko lanen finantzazioa laguntzeko erabiliko da.
Programari dagokionez adin guztietarako musika eskaintza aparta izango dute aurten: Gose, Zarama, Obrint Pas (ska rock katalana), Su ta gar, Paradust (irlandarrak) , Unana, Parpalhon, Anje Duhalde, La troba kung fu, Danba, Holako eta abar luze bat izango dira bertan. Egitarau osoa www.herriurrats.com web gunean bistara daite.
Haurren txokoari dagokionez programa apartekoa izango da ere. Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek, adibidez, beraiekin batera lipdub bat grabatzen animatuko dituzte bertora hurbildutako guztiak. Koreografia etxean lantzen hasi nahi izanez gero, Herri Urratseko web guneko multimedia ataleko bideoak bisitatu.