Maiatza eta ekainean zehar burutuko diren ikastaroetarako matrikula zabaldu berri du Laudioko Berdintasun Zerbitzuak. Emakumeentzako eskaintza honek osasuna, etxeko ekonomia, eta gizarteratze esparruetako gai ezberdinak hartuko ditu barne. Kasu guztietan izen ematea 94 403 4850 telefonoan egin beharko da eta, gehienik jota, bost euroko matrikula ordaindu beharko da kasu batzuetan.
Familia-ekonomia
Familia-ekonomiaren kudeaketa hobetzeko aholkuak eta etxeko ekonomia esparruan aurrezkia sustatzeko gomendioak eskainiko duen tailerra programatu dute, maiatzaren 9tik 30a bitarteko asteazkenetarako, goizeko ordutegian, 10:00etatik 12:00etara. Ikastaroa Kultura Etxean bideratuko dute.
Komunikazio tailerra
Ez hitzezko komunikazioa, irudi pertsonala eta adimen emozionalaren garrantzia mahai gainean jarriko duen komunikazio tailerra eskainiko dute Kultura Etxean. Maiatzaren 7tik 28a bitarteko astelehenetan, arratsaldeko ordutegian, 18:00etatik 20:00etara, gauzatuko da.
Sabel-ariketak eta internet
Sabel-ariketa hipopresiboak eta 40 urtetik gorako emakumeentzako internet ikastaroak eskainiko ditu berriro udal zerbitzuak. Kasu bietan ikastaroan matrikulatuta egon direnek ez dute izango errepikatzeko aukerarik eta bertokoentzat 3 euroko matrikula izango du, kanpokoentzat berriz, matrikula 5 eurokoa izango da.
Sabel-ariketa hipopresiboen inguruko ikastaroak esfinterren kontrol galerari aurrea hatzeko tresna bezala, zein kontrola bera berreskuratu edo hobetzeko teknikak eskainiko ditu. Kultura Etxean gauzatuko dute eta hiru txanda ezberdin eskaini dira: apirilaren 26tik ekainaren 4a bitarteko astelehen eta ostegunetan, goizeko ordutegian, 10:00etatik 11:00etara; apirilaren 25etik ekainaren 4a bitarteko astelehen eta asteazkenetan, arratsaldeko ordutegi bi eskainiko dira: 18:15etik 19:15era eta 19:15etik 20:15era.
Internet ikastaroa azkenik 40 urtetik gorako emakumeei zuzenduko da eta Udal Lanbide Heziketa Ikastetxean bideratuko da, arratsaldeko ordutegian, 18:00etatik 20:00etara. Ikastaro egunak maiatzaren 7, 9, 10, 14, 16, 17, 21, 23, 24 eta 28a izango dira.