Laudioko Udal Osoko Bilkurak Laudio Memoriak, Oroimen Historikoaren berreskurapenerako herrian sortu berri den taldeak, proposatuko mozioa onartu zuen martxoaren 26an. Jose Luis Navarrok aurkeztu zuen mozioa taldearen izenean Osoko Bilkuraren aurrean. Apirilaren 14rako bi aste baino ez dira falta eta taldea ordurako ekitaldiren bat prestatzea baloratzen ari da egunotan.
Asteleheneko Osoko Bilkuran Omnia eta PSEko bozeramaleek Laudio Memoriak dohainik eta borondatez egindako lana eskertu zuten. Esker onari bere dokumentazioa kontsultatzen laguntzeko gonbitea gehitu zion EAJk eta Bilduk ekimen honek bultzatuko duen biktimen aitorpen soziala azpimarratu zuen.
PPren irakurketa kontrajarria
PPk bere iritzi propioa kontrajarri zuen. Paula Cuestak mozioaren aurkako bozka arrazoitu zuen gerra garaian izandako gertakarien irakurketa propioa eta biktima zerrenda ezberdinak astinduz: bando nazionalean errekete, soldadu eta guardia zibil laudioarrena, Errepublikak preso egindako kristauena, eskualdean gerran hildako erlijiosoena edo biktima zibilen zerrenda.
PPko zinegotziak bere harridura agertu zuen Laudio Memoria taldeko kideek Espainiako II. Errepublika demokratikoa jotzen dutelako aurkeztu duten mozioaren testuan. “Halako baieztapenak soilik egin daitezke ezjakintasunetik edo lege eta gertakarien bidegabeko interpretaziotik” esan zuen honen harira.