LAB sindikatuko delegatu kontzentrazio batek Aiara Eskualdeko langabetuek bizi duten egoera larria salatu zuen astearte goizean Laudioko Lanbide zerbitzuaren ate aurrean.
Eskualdeko langabetu kopuruak krisiaren testuinguruan izan duen bilakaerari erreparatuz gero, 2008an krisia abiatu zenetik, bikoiztu egin da langabetu kopurua Aiara Eskualdean, 1.328tik 2.855era igaro da alegia, eta iazko otsaila aurtengoarekin alderatuta, 440 langabetu gehiago daude Aiaraldean.
Lan erreformak testuinguru honetan langabetuei ezarriko dizkien baldintza gogorrak agerian utzi nahi zituzten sindikatu abertzaleko kideek. Banatutako esku-orrietan eskainitako azterketan, lan erreformak langabezia prestazioak murrizteaz gain langabetuak iruzurtitzat aurkezten dituela salatu zuten.