Otsailaren 9rako lanuzterako deia zabaldu zuten astearte goizean Laudion ELA, LAB eta EILAS sindikatuek deitutako kontzentrazioan. “Zerbitzu publikoak garatu, murrizketarik ez” lemarekin Hego Euskal Herri mailan zabaldu duten deialdian parte hartzera deitu zituzten eskualdeko irakaskuntzan, Osakidetzan, justizia administrazioan, udaletxeetan eta foru aldundietako administrazioan lanean diharduten langileak.
4 ordutako lanuztea egunean zehar gauzatuko da zerbitzu publikoetako azpisektore ezberdinetan: 11:00etatik 15:00etara administrazio autonomikoan, Estatuaren administrazioan eta justizia administrazioan, 11:00etatik 18:00etara irakaskuntzan, eta 11:00etaik 19:00etara Osakidetzan, tokiko eta Foru administrazioetan eta sektore publikoko gainerako erakunde eta merkataritza-sozietateetan. Eskualdeko ikastetxe, osasun zentro, udaletxe eta abarretan asanbladak deitu dituzte sindikatuek bertoko langileek lanuztearekin bat egin dezaten bultzatzeko.
Sindikatuek eskualdeko langileak ostegunean Bilbon eguerdiko 12:30ean Arriagatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte.
Otsailaren 25erako manifestazio nazionala deitu dute Bilbon sindikatuek “Mugi gaitezen gure eskubideen alde. Ongizate estatua jopuntuan” lemapean. ESK, CGT, EHNE, HIRU eta CNT sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin. Manifestazioa otsailaren 4rako deituta zegoen, baina asteburu inguruan izandako hotzaldiek deialdia atzeratzeko erabakia eragin zuten.