Otsailaren 4an, Agate Deuna bezperan, koplaz beteko dira Euskal Herriko txoko guztiak. Aiaraldean ekitaldi ugari antolatu da jai honen inguruan. Egunotako hotzaldiak ahalbidetuz gero, makilak prest dituzte adin guztietako euskaldunek ohitura indarberritzeko.
Laudio
Larunbatean talde ugari abiatuko da kalez kale kantari Laudion. Los Arlotes Elkarteak, eguraldiak ahalbidetuz gero, herriko auzoetatik goiz partean kantuan aritzeko asmoa du eta bazkalostean, iluntzean, erdigunetik ibiliko dira kantari. Laudio Ikastolak arratsalde parterako prestatu du hitzordua, 18:00etan Basalarrina Elkartean; ekitaldia 19:30ak aldera amaituko dute partaide guztientzako Udaletxe zaharrean prestatuko duten askariarekin. Jaien Aldeko Koordinakundekoek jarri duten lehen hitzordua berriz, afari-merienda egitekoa izan da: 20:00ak aldera Gorka Tabernan 5 euroren truke. Eta ondoren, sabela beteta eta eztarriak berotuta, kantari ibiliko dira 21:00etatik aurrera. Andere abesbatza ere erdigunean arituko da kantari.
Baranbioko kopla
Baranbioko Belaiki Euskara taldea goizeko 10:00etan Baranbioko auzo guztietatik kantuan abiatuko da. Baina kanta honen letrak badauka berezitasun bereizgarria, izan ere, Baranbiokoa, bertakoa baita. Belaiki euskara taldeko partaideek herriko nagusiekin hitz egin eta kopla errekuperatzea lortu dute.
Egun osoan zehar arituko dira auzo batetik bestera, Baranbioko txoko guztiak beraien kantuarekin girotuz. Auzokoek ere atsegin dute egun hau eta Baranbiokoa den Agate Deuna kantua entzutea atsegin dute. Horregatik eskuzabal agertzen dira eta kantua amaitzerakoan beti daukate zerbait taldeari emateko: dirua, arrautzak, ogia, txokolatea…
Beste urte batzutan, lortutako diru eta jakiekin bazkaria egin ohi da. Aurten ezberdina izango da, berezia, lortutako diru guztia Lodosako Ibaialde ikastolari emango zaiolako elkartasuna eta laguntza adierazi nahian. Horretarako Baranbioko umeek Lodosa eta Sartagudako umeei gutun bat idatziko diete elkartasuna adieraziz; hori baita momentu honetan behar dutena.
Kintoen jaia Amurrion
Amurrion kintoen jaia iragarriko dute kalez kale 1994 urtean jaiotakoek. Egun honetan bildutako diruekin otsailaren 10ean ospatu behar duten dantzaldia finantzatuko dute. Koadrila ugari bilduko da egunotan Amurrion beraien urteko parranda gogora ekartzeko bazkari eta afarietan.
Orozkon Agate Deuna Abesbatzak bi entsegutarako hitzordua egin du jaia prestatzeko. Facebook bidez, Agate Deuna Abesbatza profilaren bidez, edo agatedeuna@gmail.com posta elektronikoa kontaktatuz, kopla prestatzeko laguntza eskaini dute kantu kalejiran ahalik eta auzokide gehien elkartu dadin.
Okondon azkenik, Dantza Taldeak etxez etxe aritzeko asmoa du, 17:00etan jarri dute hitzordua Bentilan, eta Itzalde abesbatzak ohiko ibilbidea egingo du Gorostiolatik Txaparroraino 18:00etatik aurrera.