Laudioko Ganbegi hockey taldeak 7. postua, azkenaurrekoa, eskuratu zuen asteburuan Terrassan ospatu berri den Areto-Hockeyko gizonezkoen lehen mailako Espainiako txapelketan. Hockey Zaragozaren aurka larunbatean jokatutako partidak eman zien txapelketan eskuratutako garaipen bakarra 5-2 emaitzaz. Hector Borge, Endika Garaio, Peio Garaio, Miguel Angel Ruiz eta Galder Garaio izan ziren golak gauzatu zituzten jokalariak.
Lehenbiziko aldiz lortu dute laudioarrek lehiaketaren azken txanparako sarbidea, baina ez dute zorte handirik izan ligaxkarako taldekatzean. Laudioarren taldeko aurkariek 2., 3. Eta 5. tokiak eskuratu zituzten azken sailkapenean; bestelako taldekatze batek agian, emaitza hobeagoetara hurbiltzeko aukera zabal zezakeela pentsatzen bueltatu dira laudioarrak.
Ganbegi taldeko zuzendaritza eta jokalariek: Endika Mendibil, Aitor Solatxi, Asier Beraza, Endika Garaio, Héctor Borge, Rubén Martínez, Galder Garaio, Miguel Ángel Ruiz, Peio Garaio, Aitor Suárez, Josu Garaio eta Iñaki Olaguenagak, oso positiboki baloratu dute esperientzia berri hau, eta buruan dute dagoeneko hurrengo denboraldiko lehiaketa.