"Ekialdeko dantza autoestimua eta emakumetasuna bera indartzeko eta lantzeko tresna ezinbestekoa da"

Marta Mateos (Bilbo, 1973), Okondon bizi den Ekialdeko dantza irakasle euskalduna da. Hilabetean behin dantza tailerra eskaintzen ari da Laudion.

Zeintzuk onura eskura ditzakegu dantza mota honengandik?

Naturan ematen diren oinarrizko mugimenduak erabiltzen duen gorputz hizkuntza bat da: zirkuluak, espiralak, infinitoak…eta horregatik emakumeen autoestimua eta emakumetasuna bera indartzeko eta lantzeko tresna ezinbestekoa da.

Marta Mateos (Bilbo, 1973), Okondon bizi den Ekialdeko dantza irakasle euskalduna da. Hilabetean behin dantza tailerra eskaintzen ari da Laudion.

Zeintzuk onura eskura ditzakegu dantza mota honengandik?

Naturan ematen diren oinarrizko mugimenduak erabiltzen duen gorputz hizkuntza bat da: zirkuluak, espiralak, infinitoak…eta horregatik emakumeen autoestimua eta emakumetasuna bera indartzeko eta lantzeko tresna ezinbestekoa da.

Adituek diotenez, maila terapeutikoan onurak askotarikoak dira. Dantzatzean mugimendu dinamikoak, mugimendu motelekin konbinatzen dira  eta honek gorputza orekatzen eta harmonizatzen laguntzen du bi mailatan: maila fisikoan eta baita maila emozionalean ere.

Fisikoki muskuluak indartzen eta gogortzen laguntzen du, postura zuzentzen du, digestio aparatuari masajea ematen dio, odol jarioa  hobetzen  du, gorputzaren koordinazioa garatzen laguntzen du eta maila sexualean onurak berehala nabaritzen dira.

Autoestimua aipatu duzu. Ez da beraz, ariketa fisiko soila. Noraino doa maila terapeutiko hori?

Maila emozionalean  onura asko ditu ere: tentsioak eta emozioak askatzen laguntzen du( burua lasaitzen du eta ongizate sentsazioa ematen du) konfiantza garatzen du, gorputzaren energia guneekin konektatzen laguntzen du, bakoitzaren auto-ezagutza eta emakumetasunarekin lotzen gaitu.

Diotenez mugimendu borobilek eta gozoek emakumearen arima askatzen dute.

Edozein adinarekin praktikatu daiteke. Printzipioz ez da inolako prestakuntza fisikoa behar ezta, inolako gorputz forma zehatzik ere, baina bai esan dezakegu haurdunaldirako ezin besteko laguntza izan dela mendeetan zehar.

Zelan antolatzen da ekialdeko dantza saio bat?

 Gauza da, oso ezberdina dela saio bakar baterako edo astean zeharreko klase bat prestatzea, edo asteburu baterako saioak prestatzea.

 Orain Laudioko Satya Yoga Eskolan hilabetean behin saio monografikoak ematen ari naizenez, honek prestaketa berezi bat eskatzen du.

Saio bakoitzean pertsona ezberdinak agertzen dira, maila, gustuak eta estilo ezberdinetako ikasleak hurbiltzen direnez, zerbait berezia eta erakargarria edo zirraragarria prestatzen saiatzen naiz.

Gorputzaren prestaketa, luzaketa eta beroketen bidez, arnasketa eta gorputz kontzientziatik abiatzen naiz beti hau oinarrian dagoela iruditzen baitzait.

Nire lanean beti emakumetasuna, borobiltsasuna, sua, lurra, airea eta ura daude. Elementuek eta ideiek lana proposatzeko abiapuntua dira, aitzakia bat barrukoarekin konektatzeko gero mugimendu zehatzetara iristeko. Azalpenak hitzekin ematen baditut ere, gehienetan dantzatzen erakusten dut nola egin.

Musikaren aukeraketa ere oso garrantzitsua da niretzat, musikak mugimenduaren kalitatearekin oso lotuta baitago.

Giro aproposa sortzen saiatzen naiz ahalik eta erosoen dantzatu ahal izateko, askotan taldeka edo bikoteka dantza txikiak egiten baititugu.

Azkenean, bakoitza bere gorputzarekin konektatzea berezko dantza autentikoa edo benetazkoa sortzeko helburua izaten dut.

Gauza asko ordu t’erdi baterako, baina probatzeak merezi du zindagizuet, hortxe erronka erakargarri bat datorren urterako!!!

Zer dela eta hurbildu zara ekialdeko dantzaren praktikara?

Orain dela hamar urte hasi nintzen dantza hau praktikatzen.

Hasieran ez nekien oso ondo zer zen, lagun batek komentatu zidan eta garai horretan kirolarekin aspertuta nenbilenez, probatzera ausartu nintzen. Betidanik dantza plazak dantzatzen nituen baina beti oso era informalean ikasiak eta dantzatuak, plazetan eta festetan, horregatik Ekialdeko Dantza klaseekin hastean dantza egiteko era berri bat deskubritu nuen.

Mugimenduen energia eta gorputza mugitzeko erak ezagutzen nituenekin oso desberdinak izan arren, dantzatzean zerbait berezia sentitzen nuen.

Nahiz eta teknikoki asko kostatzen zitzaidan. sentimendu horrek astero klasera gogoz joateko indarra ematen zidan.

Dantza klase hauekin hastean gauza berri asko ikasi behar dituzu: Postura zehatz bat mantentzen, arnasketa naturala baina kontzientea…  eta batez ere magikoena dena: gorputzaren atal ezberdinak oso era ezberdinetan eta isolatuan mugitzen ikastea.

Berehala engantzatu nintzen batez ere musikarekin eta baita mugimendu motekin eta orduak ematen nituen etxean mugimendu isolatu basikoak behin eta berriro praktikatzen.

Hamar urtetako ibilbidea beti maisu berdinarekin egin duzu?

Bi urte praktikatzen neramala, Deborah Korek maisua ezagutu nuen eta orduan dantza hau benetan sentitzen eta gozatzen hasi nintzen. Berarekin, ezagutu eta ulertu nuen zein garrantzitsua den gorputzaren kontzientzia izatea, bai dantza egiteko orduan  eta baita bizitzan ere.

Tresna berri honekin praktikatzera ekin nion eta denbora gutxian muga teknikoak gainditzen joan nintzen. Ordura arte ezinezkoak egiten zitzaizkidan hainbat mugimendu egitea lortu nuen eta horrek gehiago praktikatzera animatu ninduen.

Bitartean Ekialdeko dantzari buruz jaialdi, ikastaro eta dantzariak agertzen joan ziren eta ni ere irakasle eta estilo ezberdinak probatzen Fusio garaiak iritsi ziren eta nik euskal folklorea baino ez nuenez ezagutzen, zaila egiten zitzaidan ezer fusionatzea.

Zabalkunde honetan internetek asko lagundu bazuen ere, Ekialdeko dantzari estereotipoa ere, zabaltzen joan zen. Ateratzen ziren ikastaroak eta modan zeuden dantzariak Kabaret estiloa zabaltzen zuten, oso mendebaldeko tekniketan oinarrituta eta ni ez nintzen batere identifikatzen idei  eta estilo honekin, gainera teknikoi zailegiak ziren niretzat.  

Orduan, iruditu zitzaidan dantza honen erroetara jotzea zuzenena zela, apur bat informatu eta Ainhoa Izagirre dantzari eta maisua ezagutu nuen.

Berak dantzatzen zuen estiloa folklore egipziarrean oinarritzen zen ikuspegi garaikide eta holistiko batetik eta horrela dantzaren basea eta batez ere, ibiltzeko eta presente egoteko era zehatz bat ezagutu nuen. Honekin berriro nire dantza aldatu zen eta bide berri bat zabaldu zitzaidan.

Zertan ari zara orain? Sakontzen jarraitzen al duzu ekialdeko dantzaren esparruan?

Azkeneko hiru urtetan Leire Bolumbururen eskutik Danza Duende deituriko proiektua ezagutzeko aukera paregabea izan dut eta berriro dantzarako eta bizitzarako beste tresna  ezin hobea eskaini didate.

Danza Duenderen oinarrian bizitzaren dantza dago. Dantzatzeak aldatu egiten gaitu, hobeagoak izaten eta sentitzen laguntzen digu,

ikaragarrizko energia eta sentimenduak mugitzen ditu eta horrek gorputzarekin eta mugimenduarekin esperimentatzeko parada ematen duenez, bizitza bera birplanteatzeko parada edo bidea eskaintzen dizu.

Hau guztia oso abstraktoa dirudien arren, praktika zehatzetatik abiatuta dantza libre, konsziente eta egiazkoa lortzea du helburu.

Dantza bat praktikatzen denean teknikak pisu handia hartzen badu gerta daiteke sortzen dena batere sentimendu edo “duenderik” ez izatea. Orduan dantza horrek ez du inolako energia edo sentimendurik sorrarazten eta ez zaigu gustatzen, ez ikusteko ezta praktikatzeko ere. Baina lortzen dugunean barruan darabilgun edozein sentimenduarekin konektatzea, gurekin konektatzea, orduan mugimendu sinpleena magikoa, benetakoa bihurtzen da, “duendea” dauka.

Beraz ,  Ekialdeko Dantzak bizitzaren bidean jarri nauela esan daiteke.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide