Aiarako koadrilak eta berau osatzen duten udalek, Aiara, Amurrio, Artziniega, Laudio eta Okondok, ”Aiaraldea euskaraz” jaia antolatu dute abenduaren 17rako. Okondo eskualdeko euskaldun guztien topagune bihurtzeko asmo honetan hainbat elkarte eta euskaltzale bildu da programa osatzen: Okondo bertako “Ametsuts” Emakume Elkartea eta Mesón jatetxea, Aiaraldeko Bertso Eskolak, AIEBE, eta Berbalagunak, Fita Fik Euskal Soinu-tresnen Elkartea eta Amurrioko Aspaltza Elkartea.
Jose Paulo Ulibarri euskal idazle, hizkuntzalari eta euskaltzalearen oroimenez Okondoko eliza aurrean dagoen monolitoan abiatuko da jaia goizeko 11etan. Aiaraldeko koadrila eta udaletako ordezkariak bilduko dira berton euskararen aldeko adierazpen instituzionala zabaltzeko.Segidan, kale-ekintzak hasiko dira frontoi inguruan. Fi ta Fik elkarteko kideek girotuko dute berton Ametsuts elkarteak eskainiko duen hamaiketakoa. Frontoi inguruan ere umeentzako puzgarriak izango dira egun osoan zehar eta 12:00etan Jolas Pailazoaren “Asmakuntzak Salgai!!! umeentzako ikuskizuna eskainiko du.
Kale animazioa herriko tabernetara zabalduko da Fi ta Fik eta eskualdeko bertsolariek herri bazkaria aurretik girotuko duten Triki-Bertso Poteoan. Bazkaria mesoian ospatuko da. Leku-kopuru mugatua izango denez, aurretik eman beharko da izena Aiarako koadrilan (945 399122 eta 677566245 telefonoetan) eta 12 euro sartu koadrilaren kontuan mahaikide bakoitzeko (Vital Kutxako 2097 0264 86 0008005886 kontua) abenduaren 15eko 14:00ak baino lehen.
Arratsalde partean jai giroa frontoi ingurura bueltatuko da. 16:30etik 18:30ak bitartean Aspaltza Elkarteak umeentzako tailerrak eskainiko ditu eta Saltoka taldeak dantza-plaza girotuko du berton 17:00etatik 19:00etara.