Bizkaiko Batzar Nagusietako BILDU eta EAJ taldeek Ganekogorta mendi-inguruaren defentsarako Arauz Besteko Saloa aurkeztu berri dute astelehenean. Proposamenaren lehenengo puntuak Bizkaiko Batzar Nagusien Ganekogorta parke eolikoaren kontrako adierazpen instituzionala eskatzen du. Bigarrena, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolaketa, Nekazaritza eta Arrantza Sailari zuzendutako eskaera da, alegia, parke eoliko proiektuaren ingurumen eraginari buruzko aldeko irizpenik eman ez dezala. Hirugarrenak, azkenik, Eusko Legebiltzarreko 2008ko mandatuari jarraiki, zera eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari: Euskal Herriko Autonomi Erkidegoko energia eolikoaren 2002ko LPSaren indarraldia eten dezala.
Bizkaiko Batzar Nagusietan bertan, Gasteizko Legebiltzarrean eta energia eolikoaren Lurralde Plan Sektorialaren ingurumen azterketarako lan talde instituzionalean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiek aurkeztutako helegiteetan oinarrituta arrazoitzen dute BILDU eta EAJk proposamena.
Bizkaiko BILDUk bere jarrera azaldu du
Bizkaiko BILDUk ekimen hau arrozoitzeko adierazpen propioa egin du: “proiektua defenda ezina da, eta bizkaitar askok hilabeteak daramatzate beroren aurka protestan, mendi taldeek edo inguruko udalek kasu. Politikarien ardura da orain, instituzioetatik erantzunkizunez eta tinkotasunez erantzutea”. Honez gain legeari begiratuta “proiektuak izan duen garapenak aspektu eztabaidagarriak” dituela adierazi dute, bai eta izango duen errendimendu energetiko eskasa azpimarratu ere: “parkeak ekoitzitako energia kopurua ia hutsala izango da”.
Koalizio abertzaleak azkenik, kalteei ere erreparatu die: “Parke eolikoak Ganekogorta mendian zein inguruan kalte atzeraezinak eragingo lituzke. Alde batetik, edertasun izugarrizko mendialdeko paisaia guztiz suntsituko luke, denona den kultur, identitate eta natur ondarea hondatuz. Mendi gainak ezin dira industria bat bera ere jartzeko gune bihurtu, balore emozional eta estetiko handia baitute, eta aberastasun natural zein arkitektoniko baitira”.