Lantenoko Administrazio Batzak, Andra Mari Zuriaren Santutegiaren aurrean kokatutako egurtegia konpontzeko agindutako lanak, legez kanpokoak direla salatu du gogorki Aiarako EAJk. “Gure udalerrian betearazi den obra bateko egoera irregularra, legez kanpokoa, ezkutatu du Aiarako Udalean diharduen BILDUko Gobernu Taldeak”, adierazi dute jeltzaleek banatutako prentsa oharrean.
EAJren ustez, bailarako gainerako herri mailako erakunde eta auzokideekin alderatuta, Aiarako Udalak ez du exijentzia maila berbera erakutsi Lantenoko Administrazio Batzaren aurrean. Bertoko errejidorea, Iratxe Parro, egoera irregularraren erantzule izendatzen du EAJk eta BILDUko Gobernu Taldea, Aiara Batuz taldeko partaidearen arau-haustearen estalgile.
Gertatutakoak, obra udal eta foru baimenik gabe abiatzeak, Lantenoko Administrazio Batzak isuna jasotzeko arrazoia izan daiteke. Jokoan da ere obra bideratzeko jasotako 30.000 eurotako diru-laguntza.
Aiarako alkateak, Josu Artetxek, obra gelditzeko agindua emango duela iragarri du.