Iratxe Parrok, Lantenoko errejidoreak, banatu berri duen prentsa oharraren bidez, zehatz mehats azaldu ditu Lantenoko Andra Mari Zuriaren Santutegiaren aurrean kokatutako egurtegia konpontzeko agindutako lanen izaera, egoera eta arrazoiak. EAJk legez kanpoko eginbidea izan dela salatu zuen ostiralean eta Aiarako Udaleko gobernu taldeari, BILDUri, egoera estali nahi izana leporatu zion.
Lantenoko errejidoreak bertoko auzokide guztien parte-hartzea ahalbidetzen duen Administrazio Batzar irekian adostutako obra dela azaldu du. 2009an gertatutako ziklogenesiaren ondorioz kaltetutako eraikuntza berregiteko obra hau, Aldundiaren diru-laguntzaz eta Aiarako Udala jakitun zela bideratu du herriak . Obrak egitean, egurtegiaren horma bat erori zen, eta diru-laguntzak ezarritako epeak gainditzeko arriskuaren aurrean, obra epean amaitu, eta ondoren egin beharreko proiektuaren moldaketak legeztatzea erabaki zuen Administrazio Batzarrak.
Puntu honetan kokatzen du Iratxe Parrok egindako akatsa. Proiektu berria legeztatu beharrean, obrarekin aurrera egin zuten diru-laguntza kolokan ez jartzeko. Auzokide batek Udalaren aurrean egindako ahozko salaketaren ondorioz, Aiarako gobernu taldeak Lantenoko errejidorea obra bideratzeko prozedura horren desegokitasunaz ohartu zuen.
Egoera Aiarako Udal Batzan aztertu zen ostegunean EAJk egindako galdera dela medio. Eskualdeko hedabideetan oihartzun handia izan duen jeltzaleen prentsa oharrak, gogorki salatu du gertatutako guzti hau. Iratxe Parrok harridura azaldu du, EAJk Aiarako Udala bere kargu izan duen 35 urteetan antzerako egoera ugariren aurrean, horrelako erantzun gogorrik ez delako sekula eman. "Gure aldetik, Lantenon obra legeztatzeko behar diren tramiteekin jarraituko dugu, izandako akatsa zuzendu nahi dugu", adierazi du prentsa oharrean Iratxe Parrok.