Laudioko Kontsumoko Udal Bulegoak 2016 urtean jasotako kontsulten % 50a telefonia, energia eta aseguru konpainien jardunaren inguruan izan da, azken urteetako joerari eutsiz.
Orotara 354 herritar bertaratu da bulegora urtean zehar, 216 kasutan kontsulta baino ez da bideratu eta gainerako 197 kasuetan erreklamaziok bideratu dira.
Bestetik, bulegoak jasotako kontsulten bi heren (3 kontsultatatik 2) laudioarrek burututakoak izan dira. Eskualdeko gainerako herrietatik egindakoei erreparatuta, jasotako kontsulta guztien % 17a, 60 bat, Amurrioko herritarrek bideratutakoak izan dira.
Banketxeak eta zoru-klausulak
Jon Ander Altube alkateordeak banketxeen jardunaren inguruko kontsultek izandako gorakada nabarmendu zuen Kontsumoko Udal Bulegoaren memoria aurkeztean.
Honen harira, zoru-klausulen inguruan herritarren artean sortutako egonezinak gaiaren inguruko kontsulta hazkundea eragin duela gaineratu zuen. Izan ere, Udalak berak gaiaren inguruko mozio edo adierazpena adostu berri du.
Zoru-klausulen inguruko oinarrizko aholkularitza eskaintzen du Kontsumoko Udal Bulegoak, bai hipotekan zoru-klausularik jaso den egiaztatzeko zein honen aurrean eman daitezkeen urratsen inguruan. Horrez gain, Kontsumobidek, Kontsumoko Euskal Institutuak, prestatutako erreklamazio ereduak luzatu eta betetzen laguntzen dute udal zerbitzuan.
Erreklamazioak, azkenik, herritarrak berak aurrez aurre bideratu beharko ditu dagokion kreditu erakundearen aurrean.