Laudioko Garapen Agentziak “Txertatu Merkatuan” programaren fase berria abiatu berri du. 2016an garatutako lehen fasean programan parte hartu duten gazteen % 40ak lanean aritzea lortu du.
Ekimenak lan zirkuituetan txertatzeko aukera eskaini nahi dizkie kualifikazio gutxi duten, langabezian dauden edo prestakuntza jasotzen ari ez diren 16 eta 30 urte bitarteko gazteei. Izan ere, 12 pertsona aritu ziren 2016an programan. Hauetatik 5 lanean ari dira egun, beste seik lan bilaketa aktiboan dihardute eta beste bat merkataritzan prestakuntza jasotzen ari da.
Programak pertsona bakoitzaren profil laborala lantzen du “Egokitu” izeneko hasiera fasean, bere lan-konpetentziak identifikatuz. Ondoren, prestakuntza ekintza eta tailerrak eskaintzen ditu “Trebatu” deitutako fasean.
Partaidearen profilaren arabera, tailer erdiproduktiboak, jakintza teknikoa eskuratzeko prestakuntza edo merkatuak balioetsitako abileziak indartzeko egiten ikastea oinarri duten tailerrak eskaintzen dira egunean 3 edo 4 orduz, 4 hilabete inguruko iraupena duen ekimenean.
Laudiolan
Laudioko Garapen Agentziak merkataritzako jarduera osagarrietan profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzeko aukera eskaini duen “Laudiolan” prestakuntza programa burutu berri du. Berton eskualdeko 15 langabetu aritu izan dira ziurtagiria eskuratzeko prestakuntza teknikoa jasotzen.
Hasiera batean 30 urtetik gorakoentzat aurreikusita bazegoen ere, adin horretatik beherako pertsonek egindako eskaerei ere erantzun diete.
Partaideek enplegua lortzeko aukeren inguruko diagnostiko pertsonalizatua jaso dute eta hainbat tailerren bidez beraien lan konpetentziak identifikatu edo lana bilatu eta mantentzeko konpetentziak ere landu dituzte.
Horrez gain, ekimenaren alde praktikoa garatzeko enpresa laguntzaile sarea osatu du Garapen Agentziak. Berriak supermerkatuak, Forum Sport kirol denda eta Laudio eta Amurrioko Eroski supermerkatuak batu dira ekimenera.